ARTELEKU

Alejandro Alvarado eta Concha Barquero

Profile

Alejandro Alvarado eta Concha Barquero

Alejandro Alvaradok eta Concha Barquerok tandem pertsonala eta profesionala osatzen dute 2001etik. Ikus-entzunezko Komunikazioan Lizentziadunak Malagako Unibertsitatean, hurrenez hurren sormenezko dokumentalean eta gidoigintzan espezializatu ziren Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Harrezkero, errealitatearekin lan egiten duen zinearen adierazpen eta bizipen ahalbideak arakatu dituzte. Kultura eta dibulgazio telebistan jardunbide luzea dutelarik, horien filmek arte askatasun handiagoko bideak ibili dituzte.

Alvarado 1891 voltios, cariño(1999) film laburrarekin hasi zen, Pedro Sánchez zuzendarikide izanik. Film hori hainbat aldiz saritu dute, hala nola Pescarako Unimovie Nazioarteko Zinemaldian eta Festival Eurovídeo Unicaja delakoan besteak beste, eta beste hainbat zinemaldi ospetsutan aurkeztu da, hala nola European Media Art Festival-ean (Osnabrück) eta International Festival of Cinema and Technology World Tour delakoan (AEB, Kanada, Ingalaterra eta Australia). El espejo del Sr. Rovira (2000) izan zen haren bigarren film laburra; Bartzelonako plaza baten ispilu-erretratua den sormenezko dokumental honek lehen saria bildu zuen Malagako Muestra de Jóvenes Creadores izenekoan. Gainera, filmak Juan Marsé idazlearen parte hartze berezia izan zuen.

Elkarrekin, zuzendarikide izan dira fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak aztertzen dituzten film labur askotan. La Chimenea (2003) horietako bat da, hiriaren memoria protagonista duen bilaketa baten historia, nazioko zein nazioarteko hamar zinemaldi baino gehiagotan hautatua. Mi hermana (2006), murgiltze bat haurtzaroaren mundu magikoan, Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroko (CCCB) Korrespondentziak: Erice-Kiarostami erakusketarako bereziki egina. Eta Tanta gente sola (2011), collage esperimental bat, zinearen eta literaturaren artean dabilena, Juan Bonilla idazlearen izenburu bereko obran oinarritua eta Limako (Peru) Liburuaren Nazioarteko Azokan estreinatua.

Azken hamarkada honetan, Alvaradok eta Barquerok Andaluziako Canal Sur katearen Tesis (2001-2011) dibulgaziozko emankizunean lan egin dute, hurrenez hurren zuzendaria eta gidoilaria izanik. Erreferentziazko telesaio hori Televisión Educativa Cultural Iberoamericana (TEIb) delakoaren bidez zabaldu da nazioartean eta hainbat sari lortu du, besteak beste, Zientzia Dibulgazioko Emankizun Onenari Saria, Rondako XXVI Bienal de Cine Científico delakoan, eta Andaluziako RTVEko Aholku Batzordeak Telebista alorrean emandako Lehen Saria.

Aldi berean, bokazio sozial garbiko proiektuak zuzendu dituzte, hala nola, El reverso de la realidad(2007), buruko eritasunarekiko ulertu ezinaren eta isiltasunaren murrua jotzen duena; Ikusleen Saria bildu zuen Malagako Espainiako Zinemaren Festibalean eta Lehen Saria Collado Villalbako Zinema eta Gaitasun ezaren Festibalean. Gaur egun, Boliviako emakumearen aldaketa prozesuari buruzko dokumental baten postprodukzioan murgildurik daude, Malagako Unibertsitatearen nazioarteko lankidetza proiektuaren barnean.

Pepe el Andaluz (2012) dokumental autobiografikoa da haien azken filma, Espainian, Polonian, Kanadan, Kolonbian eta Argentinan filmatua. Hamar urteko produkzio egitekotsuaren ondoren, Argentinako Mar del Platako Nazioarteko Zinemaldian estreinatu zen. Une honetan, filmak bere ibilbidea jarraitzen du nazioarteko zinemaldietan zehar.