Ilustrazioz beteriko liburua animazioaren maisuari buruzko materialarekin osatutako patchworka da. Animazio lanen inguruko iruzkin kritikoek, zinemagileari egindako elkarrizketa luzeek, bere garaian argitaratutako artikuluen bildumak, eta haren pinturek, collage erotikoek, objektu surrealistek eta filmen fotogramek osatzen dutena. Holakoetan gertatzen denez, zati guztiek maila bera mantendu ez izanagatik, pieza bakanek urrea balio dute.
Sorkuntzan kausitzen zaizkidan momentu kritikoak baretzeko boterea duen artikulu bat bada besteren gainetik maite dudana. Maisuaren jakintza erreboltariaz guztiaren gainetik konbentzimenduz hitz egiten du eta aholku irmoak ematen ditu sorkuntza bizitzeko moduaren inguruan, manamenduen gisara. Bere hitzetan, manamendu guztiak, hausteko sortu badira ere, bada arau bat sormenarentzat suntsigarria dena jarraitzen ez bada: “Ez ezazu jarri zure sorkuntza, askatasuna ez den beste ezeren zerbitzura”.
I. manamenduaren muina: Gogoan iltzatua gera dadila zure espirituan, poesia bat, eta bakarra dela. Poesiaren kontrakoa da espezializazio profesionala.
II. manamendua: Izan zaitez guztiz otzana zure obsesioen aurrean; zure obsesioak dira duzunik eta gauzarik hoberena. Haurtzaroko barrunbeetatik etortzen dira. Ez du zerikusirik oroitzapenekin, sentimenduak dira. Ez da kontzientea, inkontzientea da.
III. Animazioa ez da geldirik dauden objektuak mugitzea, bizitza ematea baizik. Objektuak inprimatzen joan zaizkien istorioen lekuko dira. Egoera eta emozio desberdinen eraginpean zeuden pertsonek erabili dituzte eskuetan.
IV. Hartu etengabe ametsa errealitatearen tokian eta errealitatea ametsaren tokian. Ez dago zeharbide logikorik bien artean.
V. Ukimena begi bistaren aurretikoa da. Gorputzaren esperientzia benetakoagoa da. Ez ezazu pasatzen utzi sinestesiaren oihartzuna.
VI. Ikuslea konbentzitu nahi baduzu kontatzen duzun horretan leporaino sartuta dagoela, ez uko egin deskribapen monotonoak erabiltzeari.
VII. Irudimena subertsiboa da posible dena jartzen baitu errealaren gainetik. Horregatik erabili behar da irudimenik ahalik eta neurrigabeena.
VIII. Aukeratu itzazu beraien aurrean anbiguoa zaren gaiak, bakarrik horrela lortuko duzu bidegabekeria handiena ekiditea: tesi film bat.
IX. Erabil ezazu sorkuntza auto-terapia moduan. Sorkuntzak zentzurik badu gu salbatzea da.
X. Ideien gainetik lehenetsi sormena. Ideiak sorkuntzan bere tokia hartzen du, bakarrik, adierazi nahi duzun gaia barneratzen duzunean.