ARTELEKU

Suggestion

El odio a la música: Diez pequeños tratados sobre música

Argentinan ezagutu nuen Pascal. Kasualitatez. Biok Ateneo zoragarrian galduta. Lotsarik gabe aitortuko dut: fletxazo bat izan zen. Begietara, lehendabizi, egia da, baina segidan belarrira.
Inbiria ematen didate hain guttirekin hainbertze errateko gai diren pertsonek. Soinurik gabeko hitz mutuz, isil isilik, belarriak estali arazteko adina zarata sortzen dutenek. Itxura batean kamutsa dena zorrotz bihurtzeko gaitasuna daukatenek. Argentinatik itzuli nintzen, baina distantziak ez ninduen Pascalengandik apartatu. Urteak aitzinera egin ahala, gero eta gehiago ikasten joan naiz berekin pasa ditudan ordutan. Eta ez dira gutti izan. Denbora guzti honetan, ezin aitortuzko aunitz kontatu dizkit. Behin, musika lezioa (Ed. Funambulista, 2012) eman zidan eta bere barne unibertsoa ulertzen hasi nintzen. Bion lagun Carmenen bitartez, lagunmin zuen Butes (Sexto Piso, 2011) aurkeztu zidanean bere ahultasunik latzena onartu zidan. Umetako amodio eta gorrotoen gorabeherak azaldu zizkidanean, izena mihi puntan (Arena libros, 2012) utzi ninduen. Ordurako seko konkistatuta nindukan. Aitortu dut lehen hitzetik fletxazo itsua izan zela nerea. Bere burua aurkezterakoan, musika gorroto zuela ulertarazten saiatu zitzaidan momentutik. "Kontuz musikarekin", erran zidan Pascalek, hura entzun bezain pronto sutan jarriko nintzela jakinik ere, bare-bare, batere asaldatu gabe. Lagun zaharrak, ezagutu berri duzun eta liluratuta zauzkan lagunarekin kontuz ibiltzeko erraten dizunean bezala. Eta seguruaski inoiz eman didaten gomendiorik erabilgarrienetako bat oparitu zidan. Geroztik ia munduko goiz guztietan (Espasa, 2008) akordatu naiz berarekin.
Hiltzen denean, bere hiletan musikarik ez duela nahi erran zidan behin. Musikarik ez, nere errausketa baino lehen, ezta bitartean eta ondotik ere. Soilik isiltzen denak agurtuko nau. Orain dela hamar bat urte gertatu zen. Gezi bat sartu zidan belarrian Pascalek. Musikek harrak sartzen dizkidaten toki beretik. Eta maitasun istorio onekin gertatzen den bezala, zauriari odola dario oraindik.

Information

Suggest

Pascal Quignard (Andres Bello, 1999)

Tags