Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (2009). Ikasturte bat egin zuen Universität der Künste unibertsitatean (UdK, Berlin), eta truke batean parte hartu zuen Byam Shaw arte-eskolan (Saint Martin's College, Londres). 2010ean, La Caixa Fundazioko graduondoko beka bat lortu zuen, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean Ikerketa eta Sorkuntzako master bat egiteko. Eskulturako prestakuntza hartu bazuen ere, askotariko diziplinak jorratzen ditu, bideoa bere lanaren oinarria dela. Musikaren eta performancearen arloan, Daniel Baba LLaga musika-taldeko kidea izan zen 2006an, eta 2007tik aurrera, AM musika-taldean dago Itziar Markiegirekin. Bakarkako lehen erakusketa Montehermoso Kultura Zentroko Next programaren barruan egin zuen ("Think locally, fuck globally", 2009). Halaber, zenbait erakusketa kolektibotan ere hartu izan du parte, hala nola "Antes que todo" (2010, CA2M) eta "Absolute Begginers" (Amárica aretoa, 2009) erakusketetan. Besteak beste, sari hauek lortu ditu: accesit bat 2009ko Injuve sarietan; Artista Berriaren sari bat Errioxan; eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat, AMren LP bat grabatzeko eta argitara emateko.