ARTELEKU

Suggestion

Il gattopardo

"Panterak eta lehoiak gara gu; hienak eta txakalak dira gure lekua hartuko dutenak. Baina gu guztiok, lehoi, pantera eta ardi garenok, jarraituko dugu gure buruari munduarentzat gatz eta argi irizten."

- Fabrizio Corbera, Salinako printzea.

Kezkagarri da –eta etsigarri– ohartzea nola film batek (oinarri duen testuak bezala), zeina XX. mendean filmatu baitzen, XIX mendearen erdialdean gertatuko gorabeherak gogoeta-gaitzat hartuta, argitzen digun orainaldia –orainaldi hura, hau... edozein delarik ere–. Obra bikainetan gertatzen den legez, filmak bere inguruabarrak hedatzen ditu, eta gertaera mundutarretan proiektatzen da, bilakatu arte nolabaiteko itzal ziniko eta makabro bat, gelaren hondotik irribarre egiten diguna, esan-nizun-bada adieraziko baligu bezala.

Filmak azaltzen dizkigu Salinako printze Fabrizio Corberaren bizitzako azken urteak. Aristokrata hura aro baten amaieraren lekuko izan zen: Italiako birbatzeak ahanzturan zokoratu zuen antzinako erregimena, nobleziaren eta haren mundu distiratsu eta dekadentearen heriotzaren egunsentian, politikariek eta burgesiak –etorri berriz, handinahiez eta oportunista arruntez jositako klase berri batek- bultzatuta. Itxuran, asmo onetan eta hitz egokitan gerizatzen diren politikariak, zoria probatzen dutenak botere politikoaren aulkien jokoan, harik eta, musika doinua isiltzen denean, betikoek irabazi arte. "Nahi badugu denak berdin jarrai dezan, behar dugu dena alda dadin" esaten dio Tancredik (Alain Delon) Fabriziori (Burt Lancaster).

Viscontik Sizilia astun, bero, geldo eta ezkor batera eramaten gaitu. Garai batera non dena azkarregi doan inora ez joateko. Orainaldi batera, zeina protagonistak (eta ikusleak) ez duen ez ulertzen ez ulertu nahi. Ahal den bitartean, zerak irauten duen bitartean, segituko dute dantza-aretoak betetzen, senideen bazkariak egiten, lagun zaharrekin ehizatzen, harrera diplomatikoak egiten. Tiroak entzuten dira kalearen hondoan. Ez dio axolarik, jarrai dezagun bals hau dantzatzen.

Neoerrealismoaren garaikoak kenduta, hau da egilearen obrarik onena, garaiko italiar filmen asmakizun eta akats guztiak dituela. Lancasterren interpretazio gailena (birbikoiztua izan den arren), antzezpen bikaina, film esku irmo batek zuzendua (esku zertxobait klasikoa agian, nahiz eta, gaia klasikoa izanik, hala eskatzen zuen eta ahal zen).

Nahitaez ikusi beharrekoa

Information