ARTELEKU

Event

13/09 - 15/09/2011

Mintegi hau ERTZ beste musiken jaialdia eta EREMUAK programaren barruan kokatzen da.

2011n hasi eta 2012an jarraituko duen mintegi hau, soinuak, sentimendu bakarrak eta errepikaezinak sortzeko duen gaitasunetik abiatu nahi dugu. Eta bide horri jarraituz eztabaida, argitalpen, entzunaldi eta erakusketez osatuz joango da. Egitasmo honen bidez entzumenaren funtzio politikoa eta errituala aztertu nahi dugu, demokratiko eta demagogikoa. Edo nahi bada, soinuak giza-taldeak batzeko duen gaitasun "sakratua".

"Iru belarri-mota bereizi oi ditugu: 1) ageri dan aragizko belarri au; 2) irudimenaren belarria, ta 3) adimenarena edo zentzu ispiritualena esaten zaiona. (...) Lenengoarekin musika zoragarria entzuten da. (...) Bigarren belarria, irudimenarena, lanean jartzen da bere oroimena edo gogoramena piztuz. Zango-ariña da, ta guztiz ibiltari. (...) Geldiro-geldiro, motelduz motelduz joaten da, adimena bakarrik gelditzen dala, entzundako arri-bizi edo oiartzun edo erantzun erdi-ixil batekin- Ola dijoa ixilduz, osotara itzali dedin arte, soñu, sorgin-soñu ta nolanaiko ots bixiko edo diferenteak. Hirugarren belarria antxen asten da." – Orixe. Jainkoaren billa.

EGITARAUA

Irailak 13, 19:00etan

Oier Etxeberria. Hirugarren belarria ekimenaren aurkezpena

Carmen Pardo Salgado "Soinuzko masajeak burbuila globalean"
Batera abestea bizitza amankomunaren oinarria izan zen garai batean. Talde kantuak forma asko har zitzakeen, baina guztietan mantentzen zen, komunitatearen parte izatearen onarpena. Egun, apenas kantatzen den. Orain entzun egiten da.. Ondorioz, entzumena, bizitza amankomuna den burbuila global horretan presente bihurtzeko modu bezala aktibatzen da. Eta presentzia hori aintzakotzat hartzeak, soinuzko masajeek hartzen dituzten formak galdekatzea suposatzen du. Horrela, entzumena, boterearen ariketaren espazio pribilegiatu bezala agertuko zaigu.

Irailak 14, 19:00etan

Ramón Andrés "Entzumenari, soinuari eta izpirituari buruz"
Musikaren jatorria naturako soinuei eta lehenbiziko forma erlijiotsuei estuki lotuta dago. Unibertsoa musikaren terminoen bidez interpretatua izan zen, eta aldiberean jakintza sortzeko eta garatzeko balio izan zuten. Modu batera edo bestera, musikak naturaz gaindikoarekin eta ezkutua den horrekin topo egitea suposatu zuen, alegia galderarekin, eta gizakiaren bilakaerak ezaugarri duen aztarna metafisikoarekin.

Marta Garcia Quiñones "Musikaren entzumena, arretaren eta memoriaren artean"
Edozein hiztegitan kontsulta egitea aski da, entzumena arreta mota bat bezala ulertu ohi dugula baieztatzeko. Gure entzule esperientziak ordea, musika entzuterakoan arretaren ariketa memoriatik -entzuterakoan martxan jartzen dugun memoriatik, baina baita gure entzunaldien historiak osatzen duten memoriatik- banatzea ezinezkoa dela erakusten digu. Testuinguru honetan, hitzaldiak, gure kultur ingurunean musikari buruzko ikerketek arreta eta memoria nola azaldu dituzten erakusten duten pasarte argigarriak erakutsiko ditu, historian zehar entzumenaren praktiken eraldaketa teknologiko eta sozialekiko izan duten lotura azpimarratuko duen kontakizunaren bidez. Azterketa honetan baliabide digitalek musika erreproduzitzeko eta gordetzeko eskaintzen dizkiguten egoera berriak ere kontutan hartuko dira.

Irailak 15, 19:00etan

Arantxa Iturbe "Behin. Zuretzat. Orain"
Hala hasi nintzen irratia egiten, eta hasiera hartatik gauza asko aldatu den arren, horretan jarraitzen dut egunero: behin, zuretzat eta orain ari naizela sinistuz. Behin delako nahi zaitut adi, zuretzat delako desio dut zuk aditzea, eta orain delako eskatzen dizut entzuteko. Aukera bakarra daukat zu erakartzeko, eta ahalegin horretan xahutzen ditut indarrak: behin, zuretzat eta orain ariko diren lagunak gonbidatuz. Eta irratialdi bakoitzean haiek entzunez, eta batez ere, aditu.

"Ixo, lurra aditzen ikasi artio!" Patziku Perurenarekin solasean
Elkarrizketa honen abiapuntua gauzei deitu eta aditzean dago. Hitzaren mugak aitortuz, horrenbeste azaleko semantika ahazten lagundu dezaken ariketa moduan planteatzen da. Bide horretan onomatopeiak, ahozkotasuna, arrazoia, isiltasuna, idazkera eta bertako hainbat idazlek gai hauen inguruan egindako ekarpenak hartuko ditu kontutan, Nikolas Ormaetxea Orixe, Eduardo Gil Bera edo Pedro Salinasenak, besteak beste.

Hitzaldien ondoren eta ERTZ jaialdiaren egitarauaren barne, Ferran Fages musikariak kontzertua eskainiko du "Radi d'Or" laneko zatiak oinarri hartuz. Aldiberean eta jardunaldiek irauten duten bitartean Sonoscop-Orquesta del Caos egitasmoaren Gorreriaren artxiboak izeneko lan bilduma kontsultarako egongo da Artelekun.

Add comment

Log in to post comments

Information

Tags

Related

Festival
09/09 - 17/09/2011
Meeting
10/09 - 12/09/2013