Artelekuko programak sei ildo nagusi izango ditu (laborategiak, feminismoak, grafika tailerrak, argazkilaritza, kolaborazioak eta mediateka) eta ardatz kontzeptual gisa, esperimentazioa, interakzioa, parte hartzea eta interdiziplinarietatea ditu. Arte praktika garaikidearen kontzeptupean proiektu, tailer, hitzaldi eta jarduerak osatzen dute 2013ko programa. Helburua, arte garaikidearen inguruan sorkuntza eta hausnarketa bultzatzea.
2013 urteko programa honetan ibilbide luzea duten Audiolab, Mugatxoan, Irudia Mugimenduan eta Arte eta Teknologia laborategiek jarraituko dute eta protagonismo berritua izango dute Mediatekak eta arte feministak.
Mediatekak bi ildo landuko ditu. Batetik, gaur egun hausnarketa eta analisirako bideak irekitzen dituzten funtsen dinamizazioa eta zabalkundea, artea eta kultura garaikidearen munduko eragileen eskutik. Bestatik, Artelekuko programarekin lotura. Mediatekak Artelekuk, bere jarduera programaren bidez abordatzen dituen ildo eta gaiekin interaktuatu behar du, edukiei ikusgarritasuna emateko kanal ezberdinak eskaini eta informazioaren akzesibilidaderako formatu berriak esploratzeko.
Arte feministak ere protagonismoa izango du aurten, uztailean egingo diren "Arte ekoizpen feministak: ezagutza prozesuak, bisualiteak eta ibilbideak" izeneko jardunaldien bidez. Aitzindari izan zen Arteleku alor horretan eta ildo hori errekuperatu nahi da aurten, arte feministaren ekoizpena hausnartuz, ezagutza prozesu bezala ulertuta. Ezagutza prozesu horietan murgiltzeko artista ezberdinen lana aztertu eta azterketa horretatik ateratako hausnarketak partekatuko dira.
Audiolab, soinua eta entzumenaren ikerketari eskainitako laborategiaren testuinguruan, aurreko urteetatik iada egonkortuak diren ekimenekin jarraitzeaz gain, bai ekimen digitalak (Soinumapa.net, Hots irratia...) bai ekintza modura gertatzen diren ekimenak (Hirugarren Belarria Jardunaldiak, Ertz Jaialdia, Irekiak mikrotailer saioak), hainbat tailer proposatzen ditu soinu sorkuntza eta musikaren inguruan, esaterako apirilean Itziar Okariz eta Seijiro Murayamak gidatutako Inprobisazio tailerra.
Irudia Mugimenduan Laborategiak, animazio esperimentala garatu eta ekoizteko espazioak, animazio tailerrak egiten jarraituko du. Aurten "Hondoko Itsasoa ", tailerraren hirugarren edizioa izango da, nazioarteko beste erakunde batzuekin elkarlanean egingo dena.
Arte eta Teknologia laborategiak, artearen, zientziaren eta teknologiaren artean dauden elkarguneak aztertzen dituen tailerrak antolatuko ditu urte osoan zehar eta Tresnak::Tools jardunaldiekin jarraituko du, hauek teknologia berrietara gerturatze bat proposatzen dute sarrera-saio batzuen bitartez, ondoren, ezagutza hori sorkuntza esparruan aplikatzeko helburuarekin.
Aurten ere Artelekuk artista eta kolektibo ezberdinekin egiten duen elkarlanak aurrera jarraituko du. Besteak beste, irailean Galtzagorri Elkartearekin antolatutako Marraz(k)ioak tailerraren bosgarren edizioa ospatuko da, aurten Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch gonbidatuekin. Marrazkiak eta Moda ikastaroa egingo da ekainean, Gabriela Muñagorriren gidaritzapean eta, Yox kolektiboarekin, MID_E arte eta sorkuntza praktika garaikideen erakustaldiaren hamaikagarren edizioa ospatuko da aurten, ikus-arteak, moda garaikidea eta beste manifestazio kulturalen arteko sorkuntzaren inguruko tailer eta erakusketa jarduerak eskainiko direlarik. Elkarlan hauen artean aipagarria da Aimar Arriolak Pepe Espaliú artistaren libururegia reaktibazioa oinarri duen Marginalia proiektua.
Amaitzeko, grafika tailerrak eta argazkilaritza tailerrak jarraipena izango dute.
Webgune berria
Bestalde, Artelekuk software librearekin garatutako bere webgune berritua erakutsi du, irisgarritasuna eta edozein dispositibotara (ordenagailua, tableta, smartphonea, etab.) egokitutako nabigazio esperientzia eskaintzen duena.
Webgunea Artelekuren erreferentzialtasunaren isla da. Artelekun proiektuen, jardueren, sortzaileen arteko erlazioa etengabea da. Hain zuzen ere, hori da zentroaren nortasunaren ezaugarri bat; dena erlazionatzen da guztiarekin. Webgunean ere berdin gertatzen da: elementu guztiak erreferentzialak dira beraien artean, nodo bakoitzetik informazioa zabaltzen duen sarea osatuz.
Webgune berrian erabiltzaileek espazio bat izango dute, hauei ekarpenak egiteko aukera izango dutelarik, eta Mediatekak espazio birtual bat izango du bere fondoak dinamizatzeko aukera eskainiko duena.