Artelekuko trantsizioak Mediatekan ere eragina izan du. Aldundiko Kultura sailak Artelekuko funtsa TBKkoarekin uztartzea erabaki du, eta , dagoeneko, fondoren erdia hara bideratu da. Artelekuk, berriz, arte eta kultura garaikideari lotutako oinarrizko mediateka izango du.
Artelekuko Mediatekaren funtsa arte eta kultura garaikidean espezializatua dagoen bilduma aberatsa da. Alabaina, bildumaren benetako garrantzia bere osatzeko moduarekin loturik dago eta horrexegatik da zentroaren ibilbidearen ispilua. Horrela, funtsa Artelekuko aktibitateei (laborategiak, ikastaroak, jardunaldiak) eta bertatik pasa diren artistei, idazleei, ekintzaileei eta abarrei dago lotuta. Izan ere, azpimarratzekoa da azken 30 urteetako arte garaikideko erakusketa nagusien katalogoen funtsa, nagusiki, euskal artisten katalogoak biltzen dituena.
Kultura garaikideari dagokionez, orobat, bereziki aberatsa da bilduma: filosofia, kritika artistikoa, estetika, soziologia, feminismoa, soinu eta musikak, arkitektura, zinea, arte eta teknologiak edota antropologiazko liburuak ditu, besteak beste.
Hala, urteetan kultura eta arte garaikideari buruzko erreferentzi- funtsa izan da.
Egun, Donostian, euskal erakundeek bultzatutako Tabakalera-TBK-k mediateka bat aurreikusten du bere baitan, kultur proiektuaren zutabea dena; hori dela eta, Aldundiko Kultura departamentuak erabaki du Artelekuko funtsa TBK-koarekin txertatzea eta funtsa biak uztartzea.
Hori guztia gauzatzeko, dagoeneko, hasiak gara lanean; horrexegatik hainbat liburu eta dokumentu aldi baterako ez dira eskuragarri egongo, katalogazio lanak eta uztarketaren pausuak direla-eta, besteak beste. Alabaina, hori horrela ahal den denbora gutxien izan dadin, funtsen arteko uztarketa bi fasetan egingo da.
Horrela, Artelekun eskura izango dituzu honako materia hauei dagozkienak: arte teoria, eskultura, pintura, bideo artea, musika eta erakusketa kolektiboak. Ikus-entzunezkoak eta audio cd-ak ere Artelekuko egoitza berrian daude.
Aldiz, dagoeneko TBK-ren eskuetan daude eta, momentuz, ez daude eskuragarri beste arlo hauetako dokumentuak: arte teoria, arkitektura, zinea, marrazkia, diseinua, argazkigintza, aretoak, azokak, biurtekoak eta txapelketak. Aldizkarien funtsa ere TBK-ra bideratu da.
Banaketa nagusia hori izanik ere, Artelekuko oinarrizko liburutegian arlo guztietako liburuak daude, baina neurri apalean. Horregatik, behar duzun dokumentua eskura dagoen ala ez jakiteko begiratu katalogoan edo galde iezaguzu.
Bestalde, Pepe Espaliú funtsak Kordobako bidea hartu du familiak horrela erabakita, eta laster bere izena daraman zentroan egongo da denon eskura.
Gune honen bidez Mediatekako funtsak ber- bisitatuko ditugu arte eta kultura garaikideari lotutako zenbait pertsonekin. Testuak, ideiak, egileak, gaiak, historiak berraurkitzera edo berrirakurtzera gonbite egiten diguten ibilbide pertsonalak.
Aldiro mediatekako funtsetako item zenbaiten gomendioa egiten dugu: liburuena, DVD-ena, soinuzko ale, musikazko CD… eta abarrena.