ARTELEKU

Gomendioa

Pinocho y su imagen

Txontxongiloen jolasaren grazia haien funtzionamendu mekanikoan dagoela esaten da: geuk ere tankerako mugimenduen bitartez interpretatzen degula gure papera erakusten digutela, alegia. Baina ba al da urkatuak airean egiten dituen keinu horiek baina zerbait zehatzagorik, parekotasun hori azaltzeko? Bitxikeria bat baino ez ote da, Ugo Fleres izeneko marrazkilari eta poetari lehenekoz Pinotxo ilustratzeko eskatu ziotenean, hau urkamendian irudikatu izana?

Zalantzarik gabe zintzilikatutako gorpua, hainbat kanta, errito eta kontakizunetan errepikatu den irudi bat da. Francois Villonen baladetatik Iraultza Frantsezak utzi zuen ikonografia zabalera, eredu ugari ditugu. Pinotxo ipuina irudikatu duten marrazkietatik goazen einean konturatuko gara, hasera batean zuen errealismo gordin txuri-beltzeko hori jasotzen dutenak direla erakargarrien egiten zaizkigunak. Pinotxo Italia osoaren sinbolo bihurtu aurretik, Toscana-ko nekazal herri bateko izakia baino ez zenean. Enrico Mazzanti eta Carlo Chiostri-ren lanak aipatu behar dira bidenabar. Grandeville haundiaren ohiartzunak topa ditzazkegu bi autoreek osatutako lamina hauetan. Baina Daumier-ek abokatuei eskeini zizkien bozetoak ere gogorarazten dizkigute hainbat elementuk: tximu-epailearen bineta edo Pinotxo sudurretik daraman Carabineria osatzen duten ingerada solte eta azkar horiek esaterako. Azken hau da bilduma osoko irudi esanguratzuena nabarmen, konposaketaren abileziari kasu egiten badiogu.

Antonio Gramsci-k gartzelako gutun batean Attilio Mussino-ren ilustrazioen aurka esandakoa ere jasotzen da sarrerako textuan. Bere irudimena atsekabetzea lortu bait zuen kolorezko marrazki ponposoekin. Izan ere, garai batetik aurrera ipuinaren giroa eraldatu egingo da, Piamonte-ko burgesiaren jantzi eta hirigintza gustuen mesederako.

Ezadostasunak eta konponduezinak, ezin aipatu gabe utzi 1972an Alianza editorialak Rafael Sanchez Ferlosiori eskatutako hitzaurre hura. Bertan, Sanchez Ferlosiok umeei egokitutako hizkuntza bat sortzeko aleginaren aurka aritzen da, honen bitartez umeen irudimena kolonizatzea baino ez bait da lortzen, bere hitzetan. Eta Pinotxo-ren kasuan intentzio moralak narrazioa bera zapuzten duela gaineratzen du. Chestertonek zioen ipuinen irakaspena haurrentzako gauza irristakorra dela, “ahate baten bizkarrean ura bezalaxe”, baina irudi eta marrazkien bilduma baten aurrean izanik ezinbestekoa da Ferlosio-k aipatzen duen traizio formal honetan ilustrazioaren –eta orokorrean irudiaren- egitekoa zein izan den pentsatzea. Irakaspen morala zein puntura arte bereganatu duten irudiek edo kontrakoz, kontakizunaren alderdi materialera –egurrezko begi batzuetatik sortzen den mundura- garamatzaten.

Informazioa

Gomendioa

"Pinocho y su imagen" Valentino Baldacci eta Andreas Rauch. Arteleku-Biblioteca Pepe Espaliú

Etiketak