ARTELEKU

Ibilbidea

Laboratorio inclusivo. Forma eta edukiaren artean

2013ko abuztuaren 9an Artelekura gonbidatu gintuzten zorionez, Irekiak mahai-inguruen zikloaren barnean diseinu inklusiboari buruzko gure proiektua aurkezteko.  Horrez gain, beste jarduera bat egitea proposatu ziguten, zentro horretako Mediatekan barrena ibilbidea egitea, gure interesekoak ziren zenbait item aukeratzeko.  Ondorioz, goizaren zati handi bat igaro genuen liburu eta dokumentu benetan interesgarriak bilatzen eta begirada bat ematen.  Gogotsu ekin genion hasieratik jarduera horri, izan ere, artearen eta diseinu grafikoaren zale porrokatuak garenez gero, halako liburuak esku artean izateak asko aberasten du gure ikuspegia. Miguel Ayesa eta Sonia Ciriza.

 (1) Miguel Ayesaren aukera:

The Idiot (2006)

Private Wurm (2010)

Nire prestakuntza neurri handi batean eskulturaren inguruan bideratu denez, denbora luzea igaro nuen esparru horretako funtsak begiratzen.  Idazle ospetsuenen zenbait liburu begiratu ondoren baliabide honen inguruan dudan ikuspuntuan gehien eragin didan eskultoreetako bat aukeratzea erabaki dut, Erwin Wurm artista austriarra.  Lehenik, “The Idiot” aurkitu dut, bere obra gehienak jasotzen dituen bilduma liburua.  Hautsezko eskulturetatik auto eta etxe lodietara, eskultura garaikiderako hain oinarrizkoa den “One Minute Sculptures” piezatik igarota.  Geroago “Private Wurm” aurkitu dut, autorearen azken “Narrow House” instalazioen katalogoa, alegia, eta bertan, artistak haren gurasoen etxearen erreplika eraikitzen du tamaina naturalean, baina estu-estua.  Wurmek berak dioen bezala:  “Ez duzu beti serio egon behar. Isekak eta umoreak gauzak era arinago batean ikusten lagun zaitzakete.”

(2) Sonia Cirizaren aukera:

Quaderns d’Arquitectura i Urbanisme. Anuari. (2012)

“Quaderns d’Arquitectura i Urbanisme. Anuari” Kataluniako Arkitektoen Elkargo Ofizialaren argitalpen bat da.  Interes berezia dut bi hilabetean behin argitaratzen den aldizkari horretan, editorialaren diseinua, duela urte batzuetatik, TwoPoints.Net estudio espainiar–alemaniarraren esku baitago.  Diseinu grafikoko estudio honen ezaugarri nagusiak dira ematen dituen irtenbide berritzaileak eta daukan estilo partikularra.  Bereziki aldizkari hau sormen askatasun handiena duen proiektuetariko bat da.  Diseinu proposamen bat egin zuten eta edukian sartu ziren, argitalpena osatuko zuten alderdiak erabakitzeko.  Zati bat, non irudiak gailentzen baitiren, kuatrikromian inprimatzen da eta, bestea, edukiak garrantzia duen zatia, tinta bakarrean.  Ale honen azalerako nakar itxurako papera erabili dute, ezkontza gonbidapenetarako eta jaunartzeetako bildumetarako erabiltzen dena, eta kitsch estetikari lotutako materiala den arren, emaitza oso interesgarriak lortzen dituzte.

(3) Miguel Avesaren aukera:

David Jimenez, Martine Stig (2000)

Argazkigintzaren atalean bila nenbilela, David Jimenezen liburu bat aurkitu nuen, “Sevilla, Semana Santa” deiturikoa.  Lan horrek nire argazki liburu gustukoenetarikoa bilatzera eraman ninduen, “Infinito”, alegia, Davidek berak egina.  Ez nuen lan hori aurkitu, baina, argitalpenen atalean “David Jimenez, Martine Stig” argitalpena aurkitu nuen, bi artisten arteko erakusketa kolektibo bat aurkezten zuena, eta bertan, David Jimenezek “Infinito” izeneko bere lana aurkezten zuen.  Argazki liburu horretan poesiaren hizkuntza ikusten da berehala: beraien arteko loturak sortzea bultzatzen duten irudiak aurkitzen ditugu,  baina horien erritmoa edo bakiokidetasuna a priori debekatuta ditugu. Esanahia ez zaio berehala ematen ikusleari.

(4) Sonia Cirizaren aukera:

Otl Aicher (2006)

Diseinuaren munduan dudan interesarekin jarraituz, autore handienetako baten lana aukeratu behar nuen.  “Otl Aicher” izeneko liburuak antologia bilduma batean biltzen ditu diseinatzaile eta tipografo alemaniar honen lanak.     Aicherrek analogikoa (konkretua) digitalaren (abstraktua) gainetik jartzen du eta asmo filosofiko batetik egiten du hori.   Arrazoi puruaren zeregina erlatibizatzen du eta modernitatearen arrazionalismoa kritikatzen, pentsaera abstraktu hutsaren nagusitasunaren emaitza denez gero.  Haren lanen funtsezko aspektu bat “egintzaren filosofian” oinarritzen da, Ockhamgo Guillermo, Kant edo Wittgenstein pentsalarietan inspiratuta.

(5) Miguel Avesaren aukera:

Maus: Biziraule baten kontakizuna (2007) 

Persepolis (2006)

Dirua: Revista Poética Financiera e Intercambio Espiritual (2008)

Nobela grafikoak liluraturik naukanez, oharpen bat egin behar dut, nire ustez, Artelekuko Mediateka goraipatzen duena. Izan naizen gainontzeko liburutegietan gertatzen ez den bezala, liburutegi honetan komikiak eta nobela grafikoak ez daude beste liburuengandik aparteko atal batean.  Horrela bada, marrazketaren atala begiratzean, generoaren maisu lan hauek aurkitu nituen.  Oso ezaguna da Art Spiegelmanen “Maus” lana, Pulitzer Saria jaso duen komiki bakarra izan baita.  Hala ere, horregatik aukeratzen dut hain zuzen ere, nobela grafikoa literatur genero gisa kontuan hartzea lortu baitzuen.  Bestalde, Marjane Satrapiren “Persepolis” nobela grafikoa noraino irits daitekeen erakusten duen adibidea besterik ez da.  Genero honek urteekin hartu duen indarraren eta adierazpen autobiografikoaren era aproposa bihurtu dela erakusten duen beste adibide garbi bat.  Nobela grafikoaren alorretik apur bat urrunduz, istoriotxoen munduan sartzen gara, Miguel Brieva sevillarraren eskutik.  “Dinero” lanak haren lanik onenak biltzen ditu eta publizitate kodez beteriko mundu zentzugabe batean sartzen gaitu, azken finean, gure eguneroko bizitzaren neurriz gaineko isla den mundu batean.

(6) Sonia Cirizaren aukera:

Low Cost Design vol.1 (2010)

Liburu hau diseinatzaile nagusienek jarraitutako printzipioan oinarritzen da: proiekturik onena ez da zertan patentaturik dagoena izango, arkitektura estudioek edo enpresa liderren ordenagailuetan sortua, baizik eta sinpletasunetik sortu dena eta eguneroko bizitzan inspirazioa bilatzen duena.  Kontzeptu horretatik aurrera, Daniele Pario Perrak Europan burututako ikerketa proiektu zabal baten emaitzak aurkezten ditu. Ikerketa horietan bat-bateko sormenari buruzko milaka adibide dokumentatu zituen, “gaitasun poetikoaren” eta “gaitasun teknologikoaren” artean etengabeko oreka lortzen duen irudi bidezko hiztegi bat sortuz.  Aurkezten diren ideiak ezagutzen ez ditugun egileek sortuak dira.  Ikerketaren maila desberdinen arabera sailkatzen dira (objektu desberdinentzako bost diseinu maila, jarduerentzako sei kategoria) eta materialak berreskuratzeari eta berrerabiltzeari buruzko hausnarketa sustatzen du.

(7) Miguel Avesaren aukera:

Canino (2009)

Alps (2011)

Gizakia ez denez liburuez bakarrik bizi, ikus-entzunezkoen atalean zehar ibiltzea erabaki dut, zein material duten ikusteko.  Ikus-entzunezko materialaren artean Giorgos Lanthimos zuzendari grekoaren lanak dituen bi pelikulez osatutako sorta ikusi dut.  Azkenaldiko zinemako filmen artean “Canino” eta “Alps” lanek hunkitu naute gehien.  “Canino” filmak hiru seme-alabekin hiri kanpoaldean dagoen etxe handi batean bizi diren senar-emazte batzuen istorioa kontatzen du.  Umeak ez dira inoiz etxetik irten, eta gurasoek beren ustez egokienak diren metodoen bidez hezi dituzte, kanpoko inolako eraginik jaso gabe.  Hegazkinak jostailuak direla uste dute eta itsasoa larruz estalitako aulki bat dela.  Nire iritziz, film hau totalitarismoak forma guztietako kulturak nola ebakitzen dituen eta hizkuntza bera ere eraldatzera nola ailegatzen den erakusten duen konparazio ezin hobea da.  “Alps” filmak beren senitartekoak galdu dituzten familien beharrez arduratzen den erizain baten istorioa kontatzen du.  Talde bateko kide da, eta bertako kideak familiek galdu dituzten senitarteko horiek eguneroko bizitzan ordezteko eskaintzen dira, diruaren truke.  Aipagarria da oso Lanthimosek zinea egiteko duen modu berezitik sortzen den genero nahasketa.

(8) Sonia Cirizaren aukera:

El Diseño Gráfico en el Espacio Social (2005)

Alejandro Tapiak erretorikan finkatutako hurbilketa bat aurkezten du liburu honetan, diseinatzaileen artean horien lanak ematen dien ahalmenaren kontzientzia pizteko.  Bere tesia argia eta sendoa da: diseinu eta sormen orok (iturri tipografiko baten trazatutik orrialde baten antolamendura, logotipo baten sorreratik nabigazio zibernetikoaren ibilbideetara) arrazoibide bat du atzean eta diseinatzaile profesionalak arrazoibide hori eta horrek izan ditzakeen ondorioak hartu behar ditu kontuan, bere ikusleen artean nahi duen ondorioa sorrarazteko eta gizarte bizitzan eragiteko.  Horrela, diseinatzaileak bere lanari teknika grafikoa ez ezik, zeregin erretorikoa ere aitortu behar dio, hau da, pertsuasio arte bat, jokoan jartzen dituen iritzietatik abiatuta aztertu behar dena, testuinguruarekin duen harremanetik eta gizartean egiten duen edo egin dezakeen ekarpenetik. Jarrera hori, inondik ere, gonbidapen premiazkoa da, jarrera etikoa eta kritikoa duena garai hauetan nagusi den irudiaren inperioaren aldean.