ARTELEKU

Ibilbidea

Entzunaldian gizakiak giltzapetuak dira

Entzutearen kulturari eta arteari buruz hitz egiten denean behin eta berriz errepikatzen den topikoetako bat da belarriek ez dutela betazalik.  Pascal Ginard-en El odio a la música lanaren hariari (enlace para colocar en seguir el hilo jarraitzearren, honako hitz hauek topatzen ditugu.

“Entzuten denak ez dauka betazalik, ez trenkadarik, ez tapizeriarik, ez harresirik. Mugaezina da, inor ezin da horretatik babestu” 67. orrialdea.

Betazala dionean, beraz, ez da kontu fisiologiko hutsez ari, aldiz, gorputza kokatzen deneko espazioari, bizi deneko etxearen trenkadei egiten dio erreferentzia. Non gaude entzuten dugunean?

Ibilbide hori bi zatitan banatzen da. Soinuari eta auralitateari buruzko informazio baliagarria eskuratu nahi izanez gero, pasa bigarren puntura. Bestela:

Zurrumurru. Hemen, nagoen honetan

Entzutearen azterketa ardatz duen ibilbide bat gomendatzea, gaur egungo liburuen bolumena kontuan hartuta, konprometigarria da. Proposatutako gaietan bakarrik sakonduz, soinuaren teorien eta historiaren barruko adarretan eta azpiadarretan galdu gaitezke.

Bakarren batek erabaki lezake musikologiako genero ikerketak aukeratzea, Pilar Ramosen testuekin eta, esaterako, Eliane Radig (78 RADIGUE TRILOGIE) edo Daphne Oram (78 ORAM ORAMICS) musika elektronikoaren aitzindarien diskoekin lagunduta.

Beste batzuk soinu artean jar lezakete interesa, katalogo, disko-liburu eta saiakeren bitartez.

Beste pertsona batzuei, agian, interesgarria irudituko zaie ondo garatutako adar bat, entzuteko teknologien historiarena. Horrek bidaia batera eraman gaitzake, paperetik abiatu silizioraino, aluminiotik igarota. Edo beste modu batera esanda, Patrick Feasterren Pictures of sound (78 (FEA) PIC) lanetik Lisa Gitelmanek berak editatutako New media, 1740-1915 (7.01 (GIT) NEW) liburuan jasotako ezinbesteko kapitulura, eta Jonathan Sterneren  MP3 The meaning of a format (78 (STE) MP3) lanera.

Nik, ordea,  espazioa hartu nahi nuen ardatz gisa, eta espazioa baino gehiago eraikin hau eta, are gehiago, liburutegi hau, zeina definizioz eta historiaz, isiltasuneko espazio gisa hartzen baita. Antzinatik uste izan da liburutegiak kontzentraziorako, isolamendurako eta irakurketarako prestatutako espazioak direla.

Baina: Nola banandu daitezke espazio akustikoa eta eserita irakurtzeko erabiltzen dugun espazio sinbolikoa? Edota, ibilbide hau egiteko pilatu ditudan liburuetakoren batean jasota dagoen bezala, Non gaude pentsatzen ari garenean? Eta soinuaz pentsatzen ari garenez, Non gaude (musika) entzuten ari garenean?

Ibilbide hau prestatzeko lehenengo aldiz eseri nintzenetik, garbi daukat nondik hasi. Liburu batetik bestera eramaten nauen irudi bat, munduaren musika-antolamenduaz hitz egiten duen irudi sinboliko bat. Irudi hori Robert Fludden Musikaren tenplua da. Tratatu bat idazterakoan grabatuek eta testuek garrantzia bera zuten garaian marraztutakoa. Irudi horretan musikaren antolamendu perfektuak ikusten dira, baina, aldi berean, mikrokosmosaren eta makrokosmosaren irudikapen bat, tradizio pitagorikoaren eta neoplatonikoaren sinbolo guztiak oinarri hartuta. Horren arabera, musika entzuten dudanean, mundu osoan nago, unibertso osoan.

1.

Izenburu bereko lanarekin Temple of Music  (78 FLUDD) Robert Fluddengana hurbil gaitezke. XVI. eta XVII. mendeen artean bizi izan zen teoriko hemetiko honek, Athanasius Kircher edo Johannes Keplerrekin batera, ezagutza humanistaren amaiera sinbolizatzen du, non geometria tresna magiko bat baitzen eta fantasia, zergatik ez esan, ezagutza tresna bat. Munchausen Baroiak (PEPE ESPALIU 2254) irudikatzen duen mundua da, arrazionalismoak erasota  eta hiltzeko zauriak jasotakoa, baina garaile Terry Gilliamen irudimenean.

Espazio sinboliko horretaz gozatzen duena galdu daiteke Joscelyn Godwinen liburuen artean (PEPE ESPALIU 3827, PEPE ESPALIU 3822, 78 (GOD) HAR), bereziki, La cadena áurea de Orfeo (78 (GOD) CAD) izenekoan, non argi eta garbi azaltzen baita izatez musikala den mundu hau, dituen oihartzunetatik haratago.

2.

Erreprodukzio hori beste liburu batean ere topatu nuen,  Michael Forsythen Building for music liburuan (78 (FOR) BUI).   Liburu horretan arkitektura auralaren historiari buruzko historia testuala eta ikusizkoa egiten da. Fludden irudi sinbolikotik abiatuta, arkitektura horren azterketa bat egiten da Pierre Boulez musikagileak diseinatutako IRCAM institutuaren auditoriora iritsiz. Bere oihartzunetatik abiatuta egindako arkitekturaren historia horren ardatz narratiboa elektrizitatea da, eta antzokien arkitekturaren historiari buruzko beste liburu batekin egiten du bat, The soundscape of modernity, Emily Thompsonen ikerlan interesgarriarekin (7.01 (THO) SOU), baita Barry Blesser eta Linda-Ruth Salterren Spaces Speak, AreYou Listening? lanarekin  (7.01 (BLE) SPA), biak ala biak funtsezko liburuak dira arkitekturaren historia honetan.

Liburu horien arabera, entzuten ari naizenean espazio akustiko batean nago, arkitekturaren historia berezi batetik jasotako arau akustikoak dituen gela batean. Hori dela eta, une jakin batean, ikus-entzunezkoen gelara hurbildu naiz, eta arrastoak bilatzen hasi naiz.

Michael Schumacherren Room Pieces (78 SCHUMACHER ROOM ) diskoa entzun dut eta Morton Feldmanen Rothko Chapel (78 FELDMAN ROTHKO ) diskoa aukeratu dut, lehen geunden espazioarekin, espazio sinboliko eta espiritualarekin, zubi moduko bat egiten duena. Liburuxkan esaten den bezala, Morton Feldmanen musikak zuzeneko elkarrizketa bat sortu nahi du Rothkoren pinturak biltzen dituen arkitekturarekin.

Ikus-entzunezkoen aretoan, aurikularren eta bozgorailuen bitartez (historia honen ardatz diren gailu elektronikoak), liburuen bitartez, galdera hau egiten diot nire buruari: Nola pentsa daiteke ibilbide honetatik berau gertatzen ari den espazio akustikoa?

3.

Une jakin batean erabaki dut belarriak liburuetatik ateratzea, tapizek eta trenkadek bezalaxe hesitzen baitituzte. Soinu grabagailua piztu dut eta mp3 formatuan konprimitu dut ondorengo soinua.

 

 

 

Aretoa zaratez betea dago. Orduan, Justin Bennetten Noise Map (78 (BEN) NOI) lanera jo dut, eta 61. orrialdean zenbait esaldi topatu ditut “Zurrumurrua zarata da” “Zurrumurrua hiriaren beraren soinua da”.

Nahi gabe, zarataren sinonimo bat aurkitu dut, Mediateka entzuten dudanean non nagoen nahikoa adierazten duena. Zurrumurrua, hiztegiak dioenez. Galarazten ez duen zarata eta liburutegi zaharretako goi ganga guztietako isiltasun guztiak eroso betetzen dituena. Eroso eta lasai egoteko liburutegi bateko atea zeharkatzen dudanean, neurri handi batean zurrumurru horretaz inguratuta egiten dut.

Bat batean, non nagoen bilatzea erabaki dut, hiztegietako hitzetara joz. Maria Molinerrek (8(038) (DIC) MOL ) esaten dit zurrumurrua runrrun bat dela, ahotsen zarata nahasia, zarata isil eta ahula, burrunba. Burrunba! Hiztegien apal berean Ramón Andresi galdetu diot (7(03) (AND) DIC): burrunba, dio, Asrin-a da, jaunaren goi agerkundearen soinua, jainkoen barnealdearen soinua. Ondoren esaten didate, aspaldian erleak hildakoekin hitz egiteko erabiltzen zirela baserri inguruan.

4.

Espazio sinbolikoak erresonantzia espaziora eramaten nau, eta espazio hori entzutean ez ditut lasaitasuna eta kontrola aurkitzen, burrunba baizik, berriz ere sinbolikoa, kontzentrazioaren espazio akustikoa. Musikaren tenpluan egindako ibilbide zirkularrak berriz formulatzen du galdera: Non gaude espazio bereko zurrumurruak entzuten ditugunean?

Erresonantzia adreiluak edo soinua pentsatzen dugunean gomendatu daitekeen hori.

Hainbat faktoreren eraginez, duela gutxi Artelekuko Mediatekak soinuari buruzko liburu sorta handi bat eskuratu du. Estatu mailan ez dut ezagutzen antzeko bildumarik duen liburutegirik ez eta arte zentrorik ere, bereziki, ikerketa anglo-saxoiei dagokienez. Aurreko guztia kontuan hartuta,  erronka zen gehiegizko gomendioen eta informazio ezaren arteko orekari eustea.

Azkenean, lehenengo horrek hartzen du pisurik handiena.

Horregatik, ibilbide labur bat egin ondoren, laburki azaldu nahi nuke zertaz ari garen entzutearen ikerketaz, auralitatearen ikerketaz edo sound studies delakoaz hitz egiten dugunean.  Auralitate terminoa erabiltzen da entzutearen kultura aipatzeko, entzuten duenaren eta hitz egiten duenaren artean, edo norbaitek entzun eta pentsa ditzakeen soinu guztien artean, gertatzen diren kultur erlazioak aipatzeko.

Ikerketa horien sustraiak hainbat fokutan daude. Batetik, etnomusikologian eta, bestetik eta modu entzutetsuagoan, politikan eta ekonomikoan Jacques Attaliren Ruidos lanean (7.01 (ATT) NOI). Horri gehitu zitzaion, nahiz eta hurrenkera kronologikoan ez izan, mendebaldeko praktika artistikoan soinu erreprodukzioko teknologia sartzen hasi zenetik sortutako teoria, Pierre Schaefferrena (78 (SCH) INS), soinu-objektuen kontzeptuarekin, edo Murray Schaferrek planteatutako soinu-paisaiarekin (78 (SCH) SOU).  Horrelako diskurtsoen eta antzekoen gero eta pisu handiagoak, eta kultur azterketen sortzeak ekarri zuten XX. mendearen bukaeran, gai horri buruzko lehenengo azterlanen agerpena.

Artelekuko Mediatekak mota horretako testuen bildumarik esanguratsuenetako bat dauka. Besteak beste, lehenengo kaleratu ziren bildumetako batzuk, hala nola, The Auditory Culture Reader, Michael Bull eta Les Back-ek 2003an argitaratua; Hearing Cultures (78 (ERL) HEA), Veit Erlmannek 2004an argitaratua; Audio Culture (78 (COX) AUD), Cristophe Cox eta Danile Warnerrek 2005ean argitaratuta, edo Hearing History (78 (SMI) HEA),  Mark Smithek 2004an argitaratua.

Duela gutxi, Europan eta Estatu Batuetan ikerlan horiek kontsagrazio akademikoa lortu ondoren eta European Sound Studies Asociation (http://www.soundstudies.eu/ ) elkartearen sorrerarekin, bi eskuliburu gehiago kaleratu dira, inolako oztoporik gabe Sound Studies gisa izendatzen direnak: The Oxford Handbook Sound Studies (78 (PIN) OXF), Karin Bijsterveld eta Trevor Pinchek argitaratua, eta The Sound Studies Reader (78 (STE) SOU ), Jonathan Sternek argitaratua, orain arteko konpilazio osatuena idatziz.

Paragrafo horren erreferentzietan barneratzeak, ingelesez irakurtzeko gogoa izateaz gain, ekarriko du nolabaiteko perspektiba bat hartzea azken hamar urteotan auralitateaz edo soinuaz idatzi denaren inguruan. Baina, batez ere, garbi utziko du ikerketa esparru hau nahiko heldua eta zabala dela.