ARTELEKU

Ibilbidea

Zug uhartea. Off ahotsak eta zeharkako oharrak

(1)

Liburutegiko atea zeharkatu eta 40 urrats egin. Urrats txikiak, liburu bat berrirakurtzera doanaren lasaitasunarekin, eta liburutegian dagoen eskailera bakarra igoaz. Pepe Espaliuren fondoan[1] ezinbesteko asko daude, haietako bat La ciudad en la historia (1966)[2], Lewis Mumford soziologo eta historialari amerikarrarena. Liburu honek dakarren barne eztabaidak guztiz egungoa izaten jarraitzen du: zein da hiri garaikideak jarraitu behar duen eredua, kongestioa edo hedapena? Ororen gainetik hiriaren sostengarritasuna. Eta badira liburuan ere iragarleak suertatzen zaizkigun pasarteak. Bereziki gogoratzen dut hiri erromatarrak gure aroaren hasieran jada bizi zuen jende pilaketa eta etxebizitza arazoa. Eta ordurako eraikitzaileak pribilegioz eta lehentasunez beterik zirela.[3]

(2)

Eskailerak jaitsi eta 25 urrats emanda, Cris Markerren La Jetée (1962)film- poema eta hiria daude. Zuri-beltzezko argazkiekin sortutako narrazio filmikoak memoria pertsonala eta denborari buruzko gogoeta egiten du. Off ahots batek gizon baten istorioa kontatzen digu, haurtzarotik gizona markatu zuen irudi baten istorioa. Gizonak ez du irudiaren esanahia ezagutzen, indarkeriaz beteta dago eta Orlyko aireportuan gertatutako une bat dago irudian. Irudi hori da orainera ekartzen digun guztia; gainontzeko guztia fikziozko paisaia urbano apokaliptiko batean gertatzen da, denboraren inguruko gogoeta filosofikoa bideratzen duena: “bizirik irauteko modu bakarra denbora zen. (…) Denboran zirrikitu bat eta beharbada posible zen janaria lortzea. (…) Espazioa debekaturik zegoen”. Filmaren bukaeran jakingo dugu bakarrik fikzioak eta narratzailearen off ahotsak irudi obsesiboari ematen dioten azalpena. Ez al duzu inoiz desiratu oroimenak etengabe ekartzen dizun irudi horren atzean ezkutatzen dena ikusi eta irudiaren atzean dagoenarekin hitz egitea?

(3)

Badira gure off ahotsa eta haren solasaldiak oso modu berezian esnatzen dituzten liburuak. Markerren filmetik 30 urratsetara, berriro eskaileretatik gora eta urrats txikiekin, Patti Smithen Babel liburua dago. Patti Smithen testu bat irakurtzen dudan bakoitzean bere ahotsa entzun eta ukitzen dut[4]. Artaudena izan zitekeena ere, beste egile askorena ere bai, irakurtzen ditugun testu guztiak gara, ikusi, entzun eta ukitzen ditugunak. Emakume baten sexutik eta gorputzetik haratago idatzitako testuak dira. Egiten dugunak osatzen gaitu. Honelako solasaldia osatzen du Smithek pasarte baten amaieran:

 

      -  “Zer nahi duzu nigandik? esan zion berak.

      -  Bere azpian kulunkatzen esan nion, ¡haragikeria!

      -  Zer nahi duzu nigandik? galdetu nion.

      -  Lengoaia, esan zuen berak, lengoaia”.

 

Edo, “zuen amets sekretu guztiak ezagutzen ditut, badakit non zaudeten, edo gabon, ondo lo egin, amets gozoak, tximista gozoak, urrutitik argi iezaguzu”.[5]

(4)

Egin hemendik aurrerako urrats guztiak Smithen off ahotsaren erresonantzian. Goiko solairutik beherantz, beste 35 urratsetara, Lygia Clark (1998) artista brasildarraren katalogoa dago[6]. Lygia Clarkek artista jainkotuaren lekua arbuiatzen du, artista sortzaile jainkoa eta haren obraren zain dagoen hartzaile pasiboa. Clarkek hartzaileari ematen dio obra, haren interpretazioa, esperientzia eta poetika egiteko aukera. “Zenbat poz eta zenbat min eskaini dio nire gorputzak besteari, nire barruan sekretuki azalore erraldoi baten moduan irekitzeko prest dagoen beste izaki horri?”[7]. Katalogoan Clarken lana ezagutzen duten hainbat ikerlari eta egileren testuak biltzen dira; besteak beste, Suely Rolnik pentsalari brasildarrarena. Rolnikek urte dezente eman ditu Clarken obraren indar estetiko, politiko eta terapeutikoa aldarrikatzen[8].

(5)

Handik 15 urratsetara, Micropolíticas. Cartografías del deseo (2006)[9], Suely Rolnik eta Felix Guattarirena. Brasilen, 1982an, biek ala biek egindako bidaia baten ostean atondutako liburua. “Ohikoa da ahoberoa naizela entzutea, baikorregia, ez dudala herrien txirotasuna ikusten. Ikus dezaket, bai”, idatzi zuen Guattarik liburuaren hitzaurrean, “baliteke eldarniotan ibiltzea, baina iruditzen zait aro ekoizle batean gaudela, ugaritze aro batean, kreazioan, herri baten sorreraren ikuspuntutik begiratuta zoragarriak diren iraultzetan. Horixe da iraultza molekularra: ez da kontsigna bat, ez da programa bat, sentitzen dudan zerbait da, bizirik nagoela, topaketa batzuetan, erakunde batzuetan, afektuetan, eta baita gogoeta batzuetan ere”. Liburuaren amaieran dagoen glosarioan molekula hitzaren azalpenak ez du zalantzetarako lekurik uzten: fluxuak, bilakaerak eta faseen arteko trantsizioak.

(6)

Beste 22 urratsetan, artean Smithen ahotsarekin, Maska aldizkari esloveniarraren “Projected temporality” (2012) alea dago. Bojana Kunst filosofo, arte garaikidearen teorikoaren “The project horizon: on the temporality of making” artikuluan, honelako pasarteak aurkituko ditugu: “Bai orainari eusteari,  iraupenari, erresistentziari. Artista eta arte eremuko langileentzat guztiz garrantzitsua da iraupena eskatzea, jarraipena eta orainaren espazioak ahal bezain beste, hartzea, okupatzea. (…) Nola mantendu dezakegu gure posizionamendua orainean?”.

Galdera horrekin, zeharkako begiradarekin[10], off ahots guztien erresonantzian, sarrerako aterantz goaz berriro. Nola ikasi geure burua, ez bada irakurketa, bizipen eta esperientziekin egiten dugun zeharkako soslaia eta solasaldiarekin.


[1] Berriki Artelekun izandako Marginalia topaketan (2013/03/16), Santi Erasok azaldu zuen, Pepe Espaliu gaixorik zela, nola esan zion inork ez zuela bere liburutegia nahi, denek bere obra eta lanak nahi zituztela, ez, ordea, liburuak, eta Arteleku leku aproposa izango zela haiek biltzeko. Ordutik hona, Mediatekako goiko solairuan daude Espaliuren liburuak, fanzineak, koadernoak eta hainbat material. Marginalian Espaliuren fondoak berrikusi dituzte Aimar Arriolak (topaketen antolatzaileak) eta hark gonbidatutako hainbat ikerlari eta artistak.

[2] Hiriak historian zehar izan duen jatorri eta garapena interpretatzen dituen liburu mardula iaz berrargitaratu zuen Pipas de Calabaza argitaletxeak.

[3] Esaterako, goizeko ordu txikietan zirkulazioa debekaturik zegoen, gurpilek adokinetan zarata gehiegi egiten zutelako, eta eraikitzaileak ziren beren orgekin ibil zitezkeen bakarrak. Ezagutzen ditugu, halaber, eraikitzaileak eta haien adardurak dituzten pribilegioak eta haiek sortutako txikizioak.

[4] New York, Central Park, 2005eko uda. Arratseko zazpiak, euriaren osteko abuztuko lurruna zementuan. Patti Smithek askotan jo izango du eszena honetan. Nola jakin gabe, aurrealdera iristea lortu dugu. Kontzertua ezin gertuago entzutera goaz. Sartu da bere gorputza. Hasi da bere ahotsa dena lekuz aldatzen.

[5] Smith, Patti (1996) Babel, Barcelona, Anagrama, 202. Maite Arroitajauregi eta biok Patti Smithen liburuko “Zug uhartea” testutik egindako berrinterpretazioarekin amaitzen dugu Plastika lana.

[6] Agortuta dago katalogoa, ezin inon eskuratu; beraz, Clarken lanean murgiltzeko modu eskuragarria mediateka hauxe da.

[7] Lygia Clarkek idatzia, katalogoak biltzen duen bere eskutitzetako batean. Ausaz aukeratutako pasarte bat baino ez da. Eskutitzek bere lanaren garapenean duten garrantzia ikusteko katalogora jotzea gomendatzen da: AAVV (1998) Lygia Clark, Bartzelona, Fundació Antoni Tàpies.

[8] Katalogoan ideia hau azpimarratzeaz gain, museoetan eta antzeko erakundeetan Lygia Clarken indar estetiko eta politikoa deuseztatu egin dela aldarrikatzen du Suely Rolnikek beste testu indartsu batean, “¿El arte cura?”: http://www.macba.cat/uploads/20060531/QP_02_Rolnik.pdf

[9] Sarean aurki daiteke halaber liburua osorik: http://www.traficantes.net/index.php/editorial/catalogo/coleccion_mapas/...

[10] Edo G. Perecek idazten duen moduan: "Irakurketaren arte moduko bat –eta ez bakarrik testu baten irakurketa, baizik eta margolan baten irakurketa, edo hiri batena— zeharka irakurtzea izan daiteke, testuari begirada zeharkakoa eskaintzea(...)".

 

 

Informazioa

Egilea