Artelekuko 2013 urteko programa aurkeztu dute gaur
Artelekuren 2013 urteko programa aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Gazteria eta Kirol diputatu Ikerne Badiolak, eta Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarretak.
Programak sei ildo nagusi izango ditu (laborategiak, feminismoak, grafika tailerrak, argazkilaritza, kolaborazioak eta mediateka) eta ardatz kontzeptual gisa, esperimentazioa, interakzioa, parte hartzea eta interdiziplinarietatea ditu. Arte praktika garaikidearen kontzeptupean 30 proiektu, tailer, hitzaldi eta jarduera baino gehiagok osatzen dute 2013ko programa. Helburua, arte garaikidearen inguruan sorkuntza eta hausnarketa bultzatzea.
2013 urteko programa honetan ibilbide luzea duten Audiolab, Mugatxoan, Irudia Mugimenduan eta Arte eta Teknologia laborategiek jarraituko dute eta protagonismo berritua izango dute Mediatekak eta arte feministak.
Estatu mailan arte garaikidea eta sorkuntzaren alorrean dagoen mediateka garrantzitsuenetakoa izaki, 2013 urtean aktibo hau balioan jartzeko bi ildo landuko dira. Batetik, gaur egun hausnarketa eta analisirako bideak irekitzen dituzten funtsen dinamizazioa eta zabalkundea, artea eta kultura garaikidearen munduko eragileen eskutik. Bestatik, Artelekuko programarekin lotura. Mediatekak Artelekuk, bere jarduera programaren bidez abordatzen dituen ildo eta gaiekin interaktuatu behar du, edukiei ikusgarritasuna emateko kanal ezberdinak eskaini eta informazioaren akzesibilidaderako formatu berriak esploratzeko.
Arte feministak ere protagonismoa izango du aurten, uztailean egingo diren "Arte ekoizpen feministak: ezagutza prozesuak, bisualiteak eta ibilbideak" izeneko jardunaldien bidez. Aitzindari izan zen Arteleku alor horretan eta ildo hori errekuperatu nahi da aurten, arte feministaren ekoizpena hausnartuz, ezagutza prozesu bezala ulertuta. Ezagutza prozesu horietan murgiltzeko artista ezberdinen lana aztertu eta azterketa horretatik ateratako hausnarketak partekatuko dira.
Audiolab, soinua eta entzumenaren ikerketari eskainitako laborategiaren testuinguruan, aurreko urteetako ekimenekin jarraitzeaz gain (Soinumapa, Hots, Hirugarren Belarria, Ertz eta Irekiak saioak) aipagarriena apirilean Itziar Okariz eta Seijiro Murayamak eta maiatzan Diedrich Diederichsenek gidatutako tailerrak izango dira.
Bestalde, Mugatxoan proiektuak objektu immaterialaren eta ikuslearen arteko harremanetan oinarritzen du bere jarduna, eta gailu horiek performancearen eta horren aldagaien alorrean ekoizten dituzte. Aurten ere, aurreko urteko lanari jarraipena emanaz, bi tailer egingo dira eta 2011 geroztik lantzen ari diren "Gorputza desagertzen denean" proiektuaren hirugarren eta azken fasearekin jarraituko dute. Orain arte bi irrati programa egin dira, erakusketa areto batean eta irrati libre batean aldi berean egiten diren performance, hitzaldi, elkarrizketa eta solasaldiez osatuak.
2013. urterako programa berri bat proposatzen da: 2. emisioa. Izan / Itzulpena.
Irudia Mugimenduan Laborategiak, animazio esperimentala garatu eta ekoizteko espazioak, animazio tailerrak egiten jarraituko du. Aurten "Hondoko Itsasoa III", nazioarteko beste erakunde batzuekin elkarlanean egingo den tailerra eta uztailean, Naomi Urman-en gidaritzapean, egingo den bi astetako ekoizpen tailerra izango dira jarduera aipagarrienak. Eta amaitzeko, artearen, zientziaren eta teknologiaren artean dauden elkarguneak aztertzen dituen Arte eta Teknologia laborategiak hilabetean behin tailerra antolatuko du.
Aurten ere Artelekuk artista eta kolektibo ezberdinekin egiten duen aurrera segituko du. Besteak beste, irailean Galtzagorri Elkartearekin antolatutako Marraz(k)ioak tailerraren bosgarren edizioa ospatuko da, aurten Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch gonbidatuekin. Marrazkiak eta Moda ikastaroa egingo da ekainean, Gabriela Muñagorriren gidaritzapean eta, Yox kolektiboarekin, MID_E arte eta sorkuntza praktika garaikideen erakustaldiaren hamaikagarren edizioa ospatuko da aurten, ikus-arteak, moda garaikidea eta beste manifestazio kulturalen arteko sorkuntzaren inguruko tailer eta erakusketa jarduerak eskainiko direlarik. Elkarlan hauen artean aipagarria da Aimar Arriolak Pepe Espaliú artistaren libururegia reaktibazioa oinarri duen Marginalia proiektua.
Amaitzeko, grafika tailerrak eta argazkilaritza tailerrak jarraipena izango dute.
Webgune berria
Bestalde, Artelekuk software librearekin garatutako bere webgune berritua erakutsi du, irisgarritasuna eta edozein dispositibotara (ordenagailua, tableta, smartphonea, etab.) egokitutako nabigazio esperientzia eskaintzen duena.
Webgunea Artelekuren erreferentzialtasunaren isla da. Artelekun proiektuen, jardueren, sortzaileen arteko erlazioa etengabea da. Hain zuzen ere, hori da zentroaren nortasunaren ezaugarri bat; dena erlazionatzen da guztiarekin. Webgunean ere berdin gertatzen da: elementu guztiak erreferentzialak dira beraien artean, nodo bakoitzetik informazioa zabaltzen duen sarea osatuz.
Webgune berrian erabiltzaileek espazio bat izango dute, hauei ekarpenak egiteko aukera izango dutelarik, eta Mediatekak espazio birtual bat izango du bere fondoak dinamizatzeko aukera eskainiko duena.