ARTELEKU

Jardunaldia

2011/05/09 - 05/11

Argazkigintzaren parametroetariko bat dokumentalismoa da. Naturaltasun osoz aitortu ohi da, izan ere, edozein irudi fotografikok oinarri dokumental bat duela ezinbestean. Une edo errealitate jakin hura existitu zen; beraz, haren erreprodukzioa dokumentu bihur daiteke edozein unetan, garrantzi handiagoko edo txikiagoko dokumentu, jakina, gertakari fotografiatuaren beraren garrantzia zein den.

Nolanahi ere, argazkigintzaren historia laburrean ikusi dugunez, lengoaia bisual hori norabide edo helmuga desberdinetara aldendu izan da maiz, hasi alemaniar objektibotasun berritik eta iparramerikar irudi zuzeneraino. Argazkilari berriak arte ederren eskoletan trebatzen dira, eta artista izan nahi dute, ez fotokazetari, ez dokumentalista. Azken urte hauetan, ordea, argazkigintzaren ezaugarri desberdin horiek elkarrekin topo eginda ageri dira ostera hainbat artistaren obretan; artista horiek irudiaren mundutik, literaturan sustrai sendoak dituen kultura batetik eta beren gizarteen ezagutza sakonetik abiatzen dira, baina erakarmen bisual handiko obrak egiten dituzte aldi berean. Hala, haien obrak artelantzat hartzen dira eta halaxe dabiltza arte sareen bideetan barrena, baina kontzeptu nagusia egoera, une eta tokien dokumentazioa dute. Orobat, esparru bisualean dokumentuaren ideia eta eginkizuna artelanaren formatura dakarten joera hauek aldarazten ari dira, mailaz maila, fotokazetaritza eta dokumentazio fotografiko tradizionalaren ezaugarriak.

Dokumentazioaren faktorea gaur egungo argazkigintzan izaten ari den lekuari buruzko hitzaldi-ziklo hau egokiera polita izan daiteke gai hau ikusizko sorkuntza garaikidearen ikuspegitik aztertzeko, argazkigintzako artean diren joeretan zer eragin izaten ari den ikusteko eta, halaber, hedabideetan eta fotokazetaritzan gaur lantzen den argazkigintza dokumentala, errealismotik urrunduz eta sinbolismora gerturatuz, nondik nora bilakatzen ari den antzemateko.

Hautapen horretan dauzkagu, batetik, nazioarteko aitorpena jaso duen gonbidatu teoriko bat, Carles Guerra, eta, bestetik, beren lanarengatik arte plastikoen munduan oso onartuak diren artistak, nazioarteko sariak irabazitakoak eta arte-zentro nagusienetan erakusketak egiten dituztenak, eta beren herrialdeetako eskola eta unibertsitateetan irakasten dutenak, gai honetaz eta antzekoez hitzaldiak eman eta testuak idazteaz gain. Beren lanarengatik denei aitortzen zaie gaur egungo argazki artearen eredu direla. Ikusizko formatu kontzeptualagoak eta sinbolikoagoak hartzen dituzten premisa eta kontzeptu dokumentaletan oinarritzen dira, irudiaren edertasuna eta misterioa funtsezko osagai bihurtzeko.

Hitzaldi irekiak

Moderatzailea: Rosa Olivares

Maiatzaren 9a: Carles Guerra
Maiatzaren 10a: Cristina García Rodero / José Manuel Navia
Maiatzaren 11: Begoña Zubero / Anna Fox

*Anna Fox-en hitzaldia kantzelatua izan da

 

Babeslea: Fundación Centro Ordoñez-Falcón de Fotografía (COFF)

 

Gehitu iruzkina

Saioa hasi iruzkinak idazteko

Informazioa

Lekua

Koordinazioa

Prezioa

Doan

Etiketak