ARTELEKU

Cuerpo sin Órganos/CsO

Proiektua

Cuerpo sin Órganos/CsO

CsO, Organorik Gabeko Gorputzaren esplorazioa Artelekun, maiatzetik urrira gertatuko diren 5 laborategitan egituratuta dago. Hilero CsO-kontzeptua landuko den laborategia garatuko da kanpoko agente kultural baten ikuspegitik. Gonbidatu honek, artista egoiliar baten ondoan, gainerako hilabetean zehar gauzatzeko proposamena landuko du. Aipaturiko zeregina laborategiko parte-hartzaileen artean garatzeko lankidetza-prozesua da. Hurrengo lantegiak CsO kontzeptua lantzen jarraituko du aurreko laborategiaren emaitza abiapuntutzat hartuz. Zikloaren amaieran erakusketa moduan prozesu guztiaren emaitza jasoko da.

CsO Laborategiak, Antonin Artauden Organorik gabeko Gorputza kontzeptua landuko du. Organismoaren zalantzan jartze horretan datza mendebaldeko pentsamenduaren zutabeetako bat, esentzia transzendentalaren ideia. Eta, harekin batera, funtsezko ordenaren ideia, betidanik emandako ordena beharrezko, bakar batena. Artaudek errealitatearen funtsezko ordena organiko hori ezeztatzen saiatzen zen. Antolatu al daiteke estrategia bat antolatu gabeko gorputz horretara iristeko? Zikloa berez ariketa baten modura planteatzen da.

Prozesua bera da helburu espezifikoa, malguki baten antzera arduratzen dena bira bakoitzak aurrekoa herrestan eraman eta hurrengoari bide eman diezaion. Zenbait ekintzaren arteko joan-etorri etenik gabea. Pentsatzen duen forma bat eratzen duen pentsamendu baten eredutik printzipioen eta emaitzen artean, arrautzen eta oiloen artean, bereizketarik ez duen materialtasun handiago baterantz doan atzera-elikadura bat. Beraz, ez da garatu beharreko kontzeptua, areago da jarraitu beharreko praktika multzo bat. Pantailarik bilatu gabe proiektatzearen, aurrerantz jaurtitzearen ekintza.