Antonio Gaglianok maiz baliatzen ditu marrazkia eta idazketa tresna gisa, jakintza egiteko, antolatzeko eta barreiatzeko dauden era askotako moduak ikertzeko. Bere lanean, batera nahasten ditu jakintzaren egitura formalei dagozkien muntatze- eta bistaratze-metodoak (unibertsitatea, artxiboa, telebista, etab.) eta agertzen ari diren edo dinamikoak diren gertakariak (Interneteko eztanda biralak, ahozko historia, etab.); eta berriz egiten ditu, haien prozesu arautzaileetan esku hartzeko asmoz. Aspaldiko irudi eta gertaera historikoak lotzea, kontakizun fantastikoak sortzea edo informazioa zabaltzeko konbentzioak (kartografiak, artikuluak, PowerPointak, irakurketak, fanzineak, etab.) ikuspegi kritikoz aztertzea dira Gaglianok baliatzen dituen estrategietako batzuk.
"Marginaliaren" esparruan, "The Free Mimesis Project" proiektuari ekin dio. Argitaratze-prototipo esperimental horren bidez, artxiboetan "blokeatuta" dauden materialak zabaldu nahi ditu, marrazkian eskuz kopiatuz. Lehenengo pasarte honetan, hasieran Pepe Espaliúren liburutegia osatzen duten liburuetako orri artean zeuden materialen aukeraketa bati ekingo dio proiektuak (irakurketa-oharrak, prentsa-ebakinak, posta-txartelak, etab.); dokumentu horiek gero funtsa horretatik bahetuak izan ziren, "atal pribatua" zen hori instituzioak baliabide publiko bihurtu zuenean. Liburutegiko eranskin informal gisa, materialen multzo honek bereziki nabarmentzen du funtsaren izaera entropikoa, aurre egiten baitie artxiboko logikei, eta, aldi berean, gakoak eskaintzen baititu Espaliúren praktikaren irakurketa partzial berriak egiteko. Emaitza grafikoak lizentzia irekia izango duen web-biltegi batean emango dira argitara.
Gehitu iruzkina