ARTELEKU

Jardunaldia

Topaketa
2013/03/16

“[...] artxiboari esker, gauza horiek guztiak ez dira mugarik gabe metatzen formarik gabeko andana batean, eta, era berean, ez dira hausturarik gabeko linealtasun batean inskribatzen [...] horren ordez, irudi desberdinetan elkartzen dira, era askotako harremanen bidez moldatzen dira batzuk besteekin.”

–Michel Foucault, “La arqueología del saber” (Jakintzaren arkeologia), 1969

"Marginalia" proiektua duela urtebete jarri zen abian, “Pepe  Espaliú Liburutegiaren suspertze kritikoaren laborategi” gisa. Denbora hau igaro ondoren, prozesua deskribatu beharko litzateke oroimen, afektu, dokumentu, irudikapen eta jakintzen zirkulazioaren esparruetara batera hurbiltzeko saio gisa, aldi berean bilera- eta gatazka-gunetzat hartzen dugun leku batean: liburutegia. Foucaulti jarraiki, liburutegia ez dagokio forma mitikoen errepertorioari, “artxiboari” baizik. Gure kasuan, gainera, liburutegi hori asko dira: Pepe Espaliú eta Arteleku izen bereziek adierazten dutena; artista batek bere bizitzan barrena bildu zituen eta, hein batean, irakurri zituen lau mila eta koska liburuk osatutakoa; garai batean bilduma pertsonala izan zena eta gero, HIESaren inskripziopean, ondare bilakatu zena; arkitektura eta diseinuaren diziplinen azpian, leku bat baino gehiago altzaria dena; batzuek “komunitate” izendatu zituzten eta pixkanaka alde egin zuten beste artista batzuek bi hamarkadez kontsultatu dutena; barne hartzen duen esparru instituzionalak izan dituen aldaketen lekuko mutua izan dena, bere materialtasunarekin aldaketa horiei aurre egiten diena; azken batean, hamaika esperientziaren aztarna eta, aldi berean, promesa dena.

Urtebetez, “hurbiltzeko saio” hori irakurketa, ohar, bilera, truke eta dokumentazio prozesuen inguruan garatu da (neurri batean, online kontsultako gune honetan bildutakoak: http://lab-marginalia.tumblr.com/), eta, azkenean, hauxe izan du emaitza: hemen aurkezten ditugun arte eta artxiboko lau ekoizpen –Jeletonek, Antonio Gaglianok, Pablo Martek eta Susana Talayerok (elkarlanean) eta Equipo rek egindakoak–, eta Pepe Espaliúren (1955-1993) azken praktikari buruz abian dagoen ikerketa bat, irizpide kritikoen aldaketa sail baten zantzu eta kondentsazio gisa ulertuta, zeinen emaitzak proiektuaren bigarren ikustarazte-fasean ezagutaraziko diren.

“Marginalia” proiektuak “marjina” guztiek duten alderdi politikoa eta operatiboa aldarrikatu nahi izan du; hala, bada, hemen bildutako arte eta artxiboko lau proposamenek “liburutegia” bere zenbait muga eta aukeratatik jorratu dute: kultura-tresnen sarbidean eta esanahian ezarritako arauei buruzko galderak proiektatzeko testuinguru gisa (Jeleton); bere hondakin materialez baliatuz jakintzaren zirkulazio librerako gailu esperimental bat abiarazteko (Antonio Gagliano); irudiaren eta muntaketaren indar dialektikoaren bidez, kultura eta zibilizazioaren ikur gisa duen izaeraz galdezka, eta “desberdintasuna” barne hartzen duen gorputz espektral gisa (Pablo Marte eta Susana Talayero); eta esparru modura, egoera neoliberalean HIESari dagozkion politiken ikuspegitik artxiboaren ez-egonkortasunari buruzko hausnarketa bati ekiteko (Equipo re).

Egoera kutsakorra eta agentzia anizkuna sorrarazteko asmoz, orain, batera aurkezten ditugu lau ekoizpen horiek, aurkezpenak eta eztabaida egiteko jardunaldi batean egituratuta; ildo horretan, lan-prozesuei lotutako materialen espazializazioa barne hartzen du, Artelekuko lehen solairuko hainbat tokitan, eta kanpoko beste hainbat ahotsen “interpelazioa” ere, lortutakoak pizten duen ilusioaren eta ezin eskura daitekeenak sortzen duen zorabioaren artean kulunka*.

Aimar Arriola
Donostia, 2013ko otsaila

*“Babelgo liburuzain borgianoak bezala, gainerako guztien gakoa izango den liburuaren bila dabiltzan horien moduan, kulunkan gabiltza gu, lortutakoak pizten duen ilusioaren eta ezin eskura daitekeenak sortzen duen zorabioaren artean.”

    –Georges Perec, Penser / Classer (Pentsatu / sailkatu), 1985

PROGRAMA, martxoak 16, larunbata

12:00 - 13:00. “Marginalia” proiektuaren aurkezpena - Aimar Arriola + Sarrerako ekitaldia - Santiago Eraso

13:00 - 14:00. “Anarchivo sida” lanaren aurkezpena - Equipo re (Nancy Garín eta Linda Valdés) + Interpelazioa - Nicolas Malevé

14:00 - 16:00. Bazkaria

16:00 - 17:00. “The Free Mimesis Project” proiektuaren aurkezpena - Antonio Gagliano + Interpelazioa - Tamara Díaz Bringas

17:00 - 18:00. “Oinarri labainkorrak eta behin-behinekoak” lanaren aurkezpena - Pablo Marte & Susana Talayero + Interpelazioa - Julia Morandeira

18:00 - 19:00. “Paris Is Burning oharduna”* lanaren aurkezpena – Jeleton + Interpelazioa - Dora García (ez presentziala)

(*) ekintza hau Jeleton-ek Artelekun martxoaren 11tik 15era proposatutako “Paris Is Burning oharduna” produkzio topaketaren ondoren dator

Gehitu iruzkina

Saioa hasi iruzkinak idazteko