ARTELEKU

Jardunaldia

Lurraldearen gaur egungo argazkigintzak generikotasunera desbideratzeko joera du, ez bakarrik zenbait espazio-tipologia irudikatzeko joera duelako, baita "generikoki" irudikatzeko joera duelako ere. Hori beharbada zor zaio globalizazioaren eraginari, nola gaur egungo lurraldearen ekoizpenean hala haren inguruko diskurtso teorikoen ekoizpenean. Edo agian horrek badu nolabait zerikusirik argazkigintza arte galeria eta museo erakusketa-espazioetan behin betiko sartzearekin.

Gaur egungo paisaia fotografikoak urruneko begirada bat eskatu ohi du, lurraldearen ikuspegi panoramiko bat, objektiboa eta objektuala, mantsoa, piktorikoa eta formatu handikoa eskaintzeko. Hala ikus ditzakegu, adibidez, Nadav Kander-ek Txinan egindako lanak (Yangtze, The Long River, 2010), edo Mark Power-ek Polonian egindakoak (A Tale of Two Songs, 2010); baita Simon Norfolk-ek (Burke + Norfolk: Photographs from the War in Afghanistan by John Burke and Simon Norfolk, 2011) eta Donovan Wylie-k (Outposts: Kandahar Province, 2010) Afganistanen egindakoak ere, zeinetan argazkilariak globalizazioaren indar huts, militarrean txertatuta (embedded) egiten baitu lan. Halako estetika formal, konplexutasun tekniko edo zailtasun logistiko bat partekatzen duten lurraldearen irudikapen horien aurrean, beste lan batzuk aipa daitezke, geografia politikotik, antropologia sozialetik edo arkeologiatik hurbilago dauden irizpideetatik abiatuta egindako beste lan batzuk, hala nola Adam Broombergek eta Oliver Chanarin-ek Israelez egindako lanak (Chicago, 2007), edo Walid Raad-ek Libanoz egindakoak (The Atlas Group); edo Bruno Serralongue, Lothar Baumgarten (Carbon, 1990) edo John Gossage-ren (There and Gone, 1997) lanak, besteak beste.

Lurraldearen gaur egungo argazkigintzak borrokatu egin behar du globalizazioaren konplexutasunaren eta hark botere egituren eta lurraldeko kontrol mekanismoen gainean dituen eraginen aurka. Lantegi honek hausnarketa bat proposatzen du praktika fotografiko horien inguruan, artikulatzen dituzten diskurtso politiko eta estetikoen eta lurraldearen gaur egungo eraikuntzan parte hartzen duten prozesu politiko, sozial eta ekonomikoak bistaratzen diren moduaren inguruan.

Gehitu iruzkina

Saioa hasi iruzkinak idazteko

Informazioa

Ematen du

Koordinazioa

Ordutegia

10:00 - 14:00
16:00 - 20:00

Oharrak

Izena emateko bidali zure CV eta motibazio gutuna.

Izena eman

Itxita

Etiketak