John Cage konposatzaile iparramerikarrak 30. hamarkadan piano prestaturako obrak egin zituenetik musika tresnak estatus berri bat hartzen hasi ziren abangoardiako musiken barruan. Instrumentuak erabiltzeko modu berri hauek eskaintzen zituzten aukerak ikusita, musika sortzeko ikuspegiak konposizio klasiko-garaikidearen parametroetatik aldentzen hasi ziren, eta pixkanaka soinua askeago aditzera eman zitekeen lurralde berrietara mugitzen joan ziren, egoera berriak, praktika berriak eta musika ulertzeko modu berriak sortuz. Hala sortu zen 60ko hamarkadan inprobisazio askea, nolabait free-jazzaren eta musika garaikidearen oinordekoa. Instrumentuak prestatu egiten ziren, euren tradizioa ahaztu(a)z eta aukera berriak zabaldu(a)z.
Gaur egun, baliabide teknologikoei edo prestaketa akustiko edo anplifikatutako teknika berriei esker, inprobisazio askea askoz aberatsagoa eta abstraktuagoa bihurtu da. Tailer honen helburua parte-hartzaileak teknika hauetako batzuetan trebatzen hastea da, berdin musika tresnen nahiz objektuen bidez. Helburu horrekin, soinuak berezkoak dituen testura, dinamika, tinbrea edo permanentzia bezalako ezaugarrien inguruan lan egingo da. Tailerrean zehar, musika tresnak, objektuak, elektronika, grabazioak etab. erabiliko dira. Alegia, edozein soinu iturri erabili ahal izango da. Egoera kolektibo nahiz bakarkakoen bidez, zenbait estruktura, soinuak sortzeko hainbat modu, entzumenarekiko erlazioak edo erabakiak hartzeko moduak ezagutu eta sortzen saiatuko da tailerra.
Gehitu iruzkina