Erakusketa honek 2013-2014ko Gipuzkoako Artista Berrien Programan produkzio modalitatean aukeratutako hiru proiektuen emaitza biltzen du. Proiektuak Aparato#1 · Calcetines para caballeros de lana, Ivan Gómezena, Encuentros, Las chicas de Pasaik-ena, eta Irkus (m) Zeberioren G.R.€.Z.I.A dira. Erakusketa honen “bilera” esanahia literala da; proiektuak Arteleku berriko Kontzejuko gelan -zentsu hertsian, biltzeko edo batzartzeko espazioan- aurkezten dira, elementu metaketaren eta sakabanaketa espazialaren arteko konfigurazio batez. Igurikapenen eta emaitzen arteko tartea, asmoaren eta ekintzaren arteko tartea sumatzen dugu erakusketa osoan zehar. Parte hartzen duten artistetako batek dioen moduan “batek inoiz ez badu amaitzen”* -proiektatzen, desiratzen, irudikatzen amaitzen-, zer ote arte praktikari lotutako zerbaiti hasiera eta amaiera ematea? nola negoziatu esana eta egina bereizten dituen tartea? sentikorraren esparrutik nola eutsi enpresa kapitalistak berezkoak dituen jarraipen eta balorazio logikoen aurrean, proiektu hauek ere nolabait logika horiei lotuta egon baitira? Ivan Gómezek Aparato#1 · Calcetines para caballeros de lana izenekoan zuen hasierako interesa edukiaren eta edukitzailearen ikus-entzunezko gailuarekiko tentsioak fokalizatzea” zen. Erakusketan, interes hori eskultura baten bidez zehazten da, aldi berean proiektore zinematografiko gisa funtzionatzen baitu, “dispositibo baten eginkizuna dispositiboaren beraren formaren bidez desegiteko ahalegintzat”. Encuentros ikus-entzunezko produkzio proiektuan, Las chicas de Pasaik-ek “maitasunaren gaineko azterketa bat” proposatzen zuten, “dialogoa eta halako dramaturgia bat abiarazteko bitartekotzat”. Ahotsaren eta elkarrizketaren eginkizunaren inguruan “porrot egindako ahalegin batzuen” eta “hainbat aurkikuntzaren” ondotik, “banakako bideo pieza sorta batez” gauzatzen da proiektua; eta gainera baliteke horiek guztiek, “epe ertainean, pieza bakarra osatzea”. Irkus (m) Zeberiok “G.R.€.Z.I.A”n zeukan asmoa zen “marrazki eta komiki labur batzuk sortzea etorkizuneko Grezia bati buruz, 80ko urteetako Sc-fi amerikarraren|Greziar antzerkiaren antzera”. Horren garapenean, Zeberiok haren “antagonista politikoa” marraztu du azkenean, “Berlin”. Lan prozesu orori dagokionez, artistak honakoa diosku: “premisak (aurretiazkoak) garrantzi handirik gabeko zerbait bihurtzen dira, gainditu beharreko zerbait, eta hori gainditzeko modu bakarra barne suak eraman zaitzan uztea da, pizten zaituen hari segitzea.” Aurretiazkoak -dakigunaren ilusioa- zalantzan jartzea eta etortzeko denaren garrak kitzikatzea dugu, hain zuzen ere, inoiz amaitzen ez den artearen eginkizuna. Aimar Arriola, 2013-2014ko Gipuzkoako Artista Berrien Programako komisarioa. (*) Hemen jasotako adierazpenak artisten hasierako proiektu-dossierretakoak eta amaierako txostenetakoak dira.
Gehitu iruzkina