Tailerra Manuel Cirauquirekin
Mugatxoan 2012ko otsailean aurkeztu zuen Tanatofonías programaren ildotik, beste programa honen bidez irratiaren miaketa teorikoa eta praktikoa egitea proposatzen da, irratia subjektibotasunaren eta horren fantasmen topaleku gisa hartuta. XIX. mendean asmatu zutenez geroztik, soinua haragiz gabetzeko eszenatoki pribilegiatua izan da irratia. Ahotsa gorputzetik banantzea, hildakoaren erresonantzia eta itzulera, entzumenaren itzulera, haluzinazioa... irratiari esker dokumentatu ahal izan diren fenomenoak dira. Maniobras Espectrales en la Radio
[Espektro maniobrak irratian] tailerrean, hiru maila hauek kontuan hartuta aztertuko ditugu fenomeno horiek: narrazioa, soinu eraikuntza eta soinu transmisioa. Tailerraren lehen egunean, irrati uhinetako mamu-agerpenen kasu gogoangarri batzuk aztertuko ditugu xehetasun osoz; esate baterako, psikofonien historia, Konstantin Raudive, William Burroughs, Mike Kelley eta beste batzuen esperimentuak, eta Jean Cocteau eta Ezra Pound-en poetikak. Bigarren eta hirugarren egunetan, material tanatofonikoa prestatu eta transmitituko dugu. Horretarako, soinua grabatu eta sortzeko hainbat gailu teknikoz baliatuko gara, Mugatxoan San Telmon duen aldi baterako irrati estazioa plataforma gisa eta San Telmoren inguru gertuenak proba-leku gisa erabiliz. Esplikaziorik gabeko soinu-anomalia batzuen ironiazko edo karikaturazko erreprodukzioa baino gehiago, jardunaldi hauen helburua kartografia kritiko batean espektro-lurralde bat islatzea da, jarduketa eta proiekzio ikusezineko espazio bat; izan ere, irratia baita kontzientzia zatituaren eta oihartzunez zeharkatuaren antzoki.
Gehitu iruzkina