ARTELEKU

Jardunaldia

2013/12/13 - 12/20

Nola egin arteaz? Artearen jakintza paisaiaren eraikuntza fisiko eta sinbolikoan proiektuak, artearen eraginkortasuna eta artistaren kokapena gaur egungo paisaiaren eraikuntzan aztertzea du helburu. Horretarako jardunaldia eta erakusketa proposatu ditu Pello Ulaziak.

EGITARAUA

17:30 Aurkezpenak
Xabier Laka eta Jabi Elorriaga: Azterlan esperientzia (Eskultura eta Arkitektura elkarlanean)
Pello Ulazia. Itsasoarekin proiektua (Artearen jakintza paisaiaren eraikuntza fisiko eta sinbolikoan)

18:30 Mahaingurua: Artearen eraginkortasuna eta artistaren kokapena gaur egungo paisaiaren eraikuntzan.
Parte hartzaileak: Xabier Laka eta Jabi Elorriaga (EHUko Eskultura Departamentuko irakasle eta artistak), Ismael Manterola (EHUko Artearen Historian irakaslea), Pello Ulazia (Artista, Itsasoarekin proiektuaren egilea), Jabier Puldain (EHUko Arkitekturako irakaslea eta paisaian aditua)
Moderatzaile: Xabier Gantzarain (idazlea eta artean aditua)

20:00 Nola egin Arteaz? Erakusketaren aurkezpena

 

NOLA EGIN ARTEAZ?
Abenduaren 13tik 20ra bitartean Artelekun

Nola egin arteaz? erakusketak, paisaiaren eraikuntza fisiko eta sinbolikoan, bi erregistroren kontakizuna jasotzen du.

  • Artista eragile estetiko gisa itsasoarekin. Proiektu estetiko-politiko baten kartografia. 2002.
  • Artista interprete estetiko gisa. Paisaiaren eraikuntzan jarraituz 2009.

 

Nahiz eta Paisaia terminoa artean sortutako kontzeptua den, eremu piktorikoan hain zuzen ere, eremu honetan dugun interesa ez dago bere jatorri artistikoan. Paisaiak, bere baitan, ingurumen jasangarritasunaz gain, jasangarritasun sozial, kultural, ekonomikoa eta biztanleen oreka emozionala jasotzen ditu; transzendentzia etiko eta politikoa duten gai hauek eremu existentzial zein "konstrukto estetikoan" bilakatzen dute paisaia bera. Paisaiaren ikuspegi erlazional hau (gizakiak paisaiarekin duen harreman fisikoaz gain harreman sikologiko zein afektiboari erreferentzia egiten diona) izango litzateke proiektuaren oinarrian legokeena; paisaiaren eraikuntza fisiko eta sinbolikoan artearen esku hartzearen beharra azpimarratzea, paisaiaren konplexutasuna artikulatzeko mekanismo gisa ulertuz eta berariazko jakituria aplikatuz.

Erakusketa honek arteak jakintza espezifiko edo berariazkoak dituela azalaraztea du helburu; jakintza honek gure paisaia garaikidea eraikitzeko ekarpenak egin ditzake, ikuspegi estetiko eta baliabide operatibo berriak eskainiz. Aldi berean, erakusketaren helburu ere bada artistak, paisaiaren kudeaketa eta eraikuntzan parte hartzeko asmoa duen heinean, egun duen zailtasun kontzeptual bikoitza mahaigaineratzea: artea espazioaren eraikuntza mekanismo gisa ulertzea eta artistak (artean duen berariazko formakuntza aintzat izanik) paisaiaren kudeaketa estetikoan izan dezakeen gaitasuna aitortzea.

Erakusketa honetan antagonikoak ez, baina ondorio desberdinak dituzten bi praxi artistiko aurkezten dira. Alde batetik, Itsasoarekin 2002 proiektua, Artearen paradigma berri bat aurkezten duena; "artearen jakintza"ren aplikazio eta hedapena paisaiaren eraikuntzan, hain zuzen ere. Bestetik, Eraikuntzan jarraituz 2009 proiektua, non, paisaiaren eraikuntzan parte hartzeko asmoz, artistaren ohiko eta "egokitu" zaizkion erregistro estetikoak erabiltzen diren. Erakusketaren xedea, beraz, agertoki paisajistiko berean garatu diren bi erregistro artistiko alderatzea litzateke; artearen baliabide operatiboak paisaiaren eraikuntza fisiko eta sinbolikoan gauzatzen dituena eta paisaiaren balio paisajistikoak azalerazteko asmoz estetikoki esku hartzen duena. Hau guztia 2002 eta 2009ko ingurumen mailako gatazka testuinguru batean, Mutrikuko (Gipuzkoa) itsasertzean garatzen diren bi praxi artistikoetan islatzen da.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa jasotzen duen erakusketa

 

Gehitu iruzkina

Saioa hasi iruzkinak idazteko

Informazioa

Koordinazioa

Ordutegia

17:30 - 21:00

Prezioa

Doan

Oharrak

Jardunaldia euskaraz izango da.
Erakusketa abenduaren 13tik 20ra.