Marie Losier diziplina anitzeko frantziar artistaren karrerak New Yorken izan du base operatiboa azken urteotan, eta lan oso kohesionatu bat izan da ondorioa, nahiz eta haren osagai ia guztiak pieza laburrak izan, bizitasun espiritual kutsagarri bat hedatzen dutenak underground zinema estatubatuarraren espiritua berreskuratu nahian. Horren ondorioa izan dira ezinbesteko elkarlanak Kuchar anaiekin, Guy Maddinekin, bera bezala abangoardiako musikari Tony Conradekin edo Richard Foreman antzerkilari eta zinemagile esperimentalarekin. Maisu horietako batzuen potretak Losierren beraren burupotretak bihurtzen dira, eta haien estilo nahastezina hagiografia hutsetik urruntzen da, bere azterketagaien barnekotasuna agerian utzi arte, umoreari sekula uko egiten ez dion zorroztasunaz. Nabarmena da haietan Losierren zolitasuna funtsezko keinu eta ñabardurak erregistratzeko orduan, batzen dituen hori definitzeko: narrazio konbentzionalaren kortseekin hautsi nahi duen eta sarritan subertsiora edota eldarniora eramaten duen ikus-entzunezkoaren halako ideia bat.
Baina haren lanaren tamaina, eskura zituen bitarteko eta osagai guztiak aprobetxatzearen (eraldatzearen eta berrasmatzearen) emaitza, haren ikus-entzunezko herentzia nabarmenetatik harago hedatzen da. Hala, haren proposamenak musika alorreko (kontra)kulturaren pertsonaia garrantzitsuen inguruan gauzatu dira, hala nola Alan Vega (Suicideko kantaria) edo Genesis P-Orridge (Throbbing Gristleren eta Psychic TVren kide fundatzailea).