“Performance-a eraikuntza bezala pentsatzera, alegia, performance-ak zeinuak sortzeko duen bereizitasunean eta beraien eraldaketen inguruan hausnarketa egitera gonbidatu nahi nituzke lantegiko parte hartzaileak. Lantegi honen bi lan ildoak ariketa praktikotan oinarrituko dira: Alde batetik gorputza zeinu bezala eta, bestetik, lengoaiak norbere burua kokatzeko orduan duen balioa ulertzen lagunduko gaituzten ariketak. Azken ildo honetan, hizkuntzaren ezaugarri adierazleetan eta plastikoetan ikertzen ibiliko gara, berdin idatziz nahiz lokuzio gisara.
Gorputzarekin nahiz idatziarekin loturik dauden heinean hizkuntzaren oinarrizko formak onartzen dituzten eta egun prozesuan dauden performanceak abiapuntu hartuz lan egingo dugu. Hortarako erreferentzia ezberdinak erabiliko ditugu, Azucena Vieites edo Virginia Wolf bezalako artisten testu zatiak barne.
Aldiberean, aipatutako galderak kokatzeko baliagarriak izango diren zenbait irakurketa eta ikusketa proposatu nahi nituzke. Batzuk neureak izango dira, baita beste hainbat artista, idazle eta poetenak ere... besteak beste, Chantal Akerman eta Aram Saroyam, Eve Kosofsky Sedwick edo Vito Aconcci” dio Itziar Okarizek.
Musikatik areago doan ibilbidea proposatzen digu Seijiro Murayamak. Arte performatiboaren espazioa eta denbora lantzeko, inprobisazioaren bidea gorputzaren, objektuen eta soinuen bitartez bilatzen du berak, ondoren, esperientzia horren eskutik inprobisazioaren suspertzera edo bere musikan ezberdinak diren elementuak txertatzera itzultzeko.
Orokorrean, inprobisazioari buruz daukagun ezagutza inprobisazio idiomatikoaren alorrean kokatzen da, hau da, hizkuntzaren jarduerekin estuki lotuta. Murayamak proposatzen duena ezberdina da: inprobisazio ez-idiomatikoari dagokio, norbera berezko hizkuntzak garatzeko gai izan beharko litzateken espazio batera. Lantegian, ahotsa, objektuen manipulazioa, mugimendua espazioan edo entzuleekin harremana bezalako aspektuak landuko dira, beti ere, entzumena oinarri hartuz. Hori da ulerkuntzaren oinarria. Azken finean, proposamena, entzuketa aktiboaren inguruan lan egitea da, isiltasunari arreta eskainiz, isiltasuna musikarako gai bezala erabiliz.
Gehitu iruzkina