ARTELEKU

Luis Miñarro

Profila

Luis Miñarro

Europako zinema independentearen ekoizle nabarmenetako bat da. 2010ean, berak koproduzitu eta A. Weerasethakul-ek zuzenduriko "Uncle Boonmee recuerda sus vidas pasadas" filmak Urrezko Palmondoa bildu zuen Cannesen, eta Agusti Vilaren "La Mosquitera" izenburukoak Crystal Globe delakoa, film onenari emandako saria, irabazi zuen Karlovy Vary-n. 2011n, Rotterdamen Sergio Caballeroren "Finisterrae" izenburukoagatik saritu zuten, eta Ficunam México-n J.M. de Orberen "Aita" filmagatik.

Eddie Saeta bere konpainiaren bidez, 30 film luze iragarrezinetan parte hartu du, eta horiek nazioarteko zinema jaialdi nagusietan, zinemateketan eta New Yorkeko MoMA edo Londresko Tate Modern bezalako museoetan erakutsi dira. Hainbat zuzendarirekin elkarlanean aritu da, hala nola Jose Luis Guerin, Marc Recha, Albert Serra, Lisandro Alonso eta Manoel de Oliveira, besteak beste.

Errealizadore gisa, "Familystrip" eta "Blow Horn" bezalako film luzeak gauzatu ditu.
Epaimahaiko gisa hainbat zinemalditan parte hartu du, hala nola Locarno, Donostia, Buenos Aires, Granada eta Zadar. Era berean, hainbat hiritan egin dira haren lanaren atzerabegirakoak ‑Paris, Cali, Montevideo, Beijing, Tanger, Genoa‑ eta beste hainbat sari jaso du, haien artean Bartzelona Hiria, Arteekiko konpromisoagatik.