ARTELEKU

Jardunaldia

2013/09/25 - 09/27

Organurik Gabeko Gorputzaren ziklolaren laugarren laborategi honetan Juan Llano Borbolla-rekin batera, hitz egingo dugu, jolastuko gara eta gorputzaren ideia teoriatik osatzen duten organoak erauziko ditugu.

Programa
Irailak 25, asteazkena: 19:30etan
Irailak 26 eta 27, ostegun eta ostirala: 11:00etatik - 19:30etara

Hitzaldiak, ebakitzeak, iritziak, jokoak eta mutazioak

Argi dago gurasoek eman digutenarekin aurkezten garela munduaren aurrean: baten begiak, bestearen izaera... Aurreko belaunaldietakoek ere bereganatu zituzten gauzak dira: amonaren sudur konkorra edo jada zein zen gogoratzen ez dugun aspaldiko arbaso baten harrotasuna. Familiako izaerak eta itxurak alde batera utzita, bistakoa dirudi, baita ere, banatzekoa den ondareko gauzen artean garai eta leku zehatz bateko gertakizunak aurkitzen direla. Gertakizun horiek dira zuzentzen, hezten, administratzen eta beren arauen arabera menderatzen gaituztenak, hau da, gorputz bat "antolatzen" eta osatzen digutenak, orain arte beti itxurazkoa, agerikoa eta sentikorra zen informazio genetikoz beteta zegoena. Gertakizun horiek, itzalak baliran, gure gain har ditzagun eskatzen digute oihuka, gure ohiko sufrimenduan eta are gure keinu xumeenetan etengabe agertu daitezen.

Horrela laburbildu daiteke gorputz-organoaren ideia, zeinak aurretik aipatutakoaren arabera adierazi dezakeen, beharbada, gorputz bat eratzen, egituratzen eta eraikitzen dela berezitasun genetikoez ez ezik, jaio ginen unetik gure bizitzara gehitu diren berezitasun historiko, sozial eta hezigarriez ere. Hain zuzen ere azken horregatik, gorputza (organoekin) eraikuntza historiko bat delako, ahal dizkiogu era guztietako berrikuskapenak egin, errazago gerta dakigun gorputz horren genesia eta garapen ildoa zein den birpentsatzea eta, hortik abiatuta, zeri eta nora begira dagoen agian erabakitzea.

Azpimarratzekoa da "eraikitakoa" desegiteko aukera dugula, belaunaldiz belaunaldi igaro eta babes edo mozorro bezala erabili den egitura -soziala eta materiala- erabateko hondamendian abandonatzen duenak bezalaxe. Natura sortzailea berreskatu dugula adieraziko luke horrek, hau da, hazi germinalaren eraginez berreskuratu dugula sortzen dena, sortzailea dena, poetikoa dena Natura sortuaren kaltetan, zeina baita kontrolatua, natura galbideratua eta gizatiar gizatiarregia. Baina, kasu kliniko guztietan bezala, behin eta berriz galdetu behar genioke geure buruari -sintoma bakoitza xehetasunez aztertu ondoren eta behin betiko diagnostiko batera iritsi aurretik- ea nola egin daitekeen organorik gabeko gorputz bat, eta, berehala, ikerketa prozesuan sortzen diren erantzunak zehatz-mehatz ebaluatu. Horrela, eszeptikoek gutxienez ezinezkotzat hartuko luketen ondorio baten antzeko zerbaitetara hurbilduko ginateke. Hala ere, -eszeptizismoak alde batera utziz- hezurmamitutako askatasuna ekarriko luke (posible balitz) gorputzaren des-antolaketa konkistatzeak eta iraganeko bizipenen tabula rasa egiteak; hori bai, organorik gabeko gorputz batean eta gauza guztiek sorburua duten eskualde basati hartan. Arazoa sortzen da, baldin eta, askatasun bide bat sortu beharrean, gorputz berri bat eraikitzen ari bagara, hura inguratzen duen proiektu baten eragingarritasunik gabe. Hori, onenean ere, zera izan daiteke: arrazoibiderik gabeko jario bat edo, baikorragoa izanik, gure baitako eta kanpoko mamuek gugan eraiki duten gorputz eta gorpuztasun horren urrunagoko erabilgarritasun bat.

Bitartean, esperimentazioaren eta elkarrizketa amaigabeen bidetik jarraitu behar da, hori baita konponbide onena gure baieztapen originalenak berrikusteko... barre egiteaz aurpegiak min egiten digun arte.

 

 

Gehitu iruzkina

Saioa hasi iruzkinak idazteko

Informazioa

Koordinazioa

Gonbidatuak

Ordutegia

19:30
11:00 - 19:30

Izena eman

Itxita

Etiketak