ARTELEKU

"Zer da atseginagoa opari moduan, zenbaki bat edo irudi bat?"
Antzerki korua muntaketa praktika gisa

2 Proposamen

1. Proposamena
René Pollesch aipatuz hasiko naiz:

"Deskubritzen dugu antzeko gorputzik ez dagoela, uneoro dena beste zerbait dela.

Eta orduan, zer da hori, maitasuna? Horra hor hitz lizuna: gorputza, beti arrotz sentitzen duguna, ikertu behar dugun zerbait bezala. Baina ez dago ikerketarik, ez dago garen horren bilaketarik. Gorputzak arrotz, animalia edo beste zernahi bihurtzeko baizik ez du balio horrek. Gorputzak izaki arrotzak dira, beti eta edonon. Egiaren bilaketak arrotz bihurtzen du beti bestea. Eta egiaren bilatzaileak beti berdinak izango dira gorputzik gabe, debekatua baitute lizun izatea, egia bera, baiki, lizuna den arren".

("Begietara beha nagozu, itsumenezko gizarte ingurunea!")

Ikuspegi honetatik, horra galdera: orduan, organorik gabeko gorputz bat organoak dituen gorputz bat baino arrotzagoa ote da, edota arrotzagoa, esaterako, gorputz batek beste gorputz baten organo berberak, baina toki ezberdinetan paratuak, izatea baino, edo gorputz batek gorputza = π(#organoak) formulaz funtzionatu ahal izatea baino?

René Pollesch aipatuz hasiko naiz:

"Deskubritzen dugu antzeko gorputzik ez dagoela, uneoro dena beste zerbait dela.

Eta orduan, zer da hori, maitasuna?

Zer da hemen arrotza, arroztasun bafada bat dakarren maitasunari buruzko galdera, edo aipuaren errepikapena, dakarren hura testutik bertatik ekartzen duela, eta hor geratzen dela?

Galderak gorputz arrotzak dira, haien organoak hitzak dira. Galdera batek pultsio bat eragiten du, leiho guztiak itxita dituen etxe batean sartzeak nola. Itaunek hitzak giltzaperatzen dituzte, esaldiak hesten. Bat irakurtzen ari da eta bat-batean galdera marka batekin topo egiten du. Demagun ahots gora irakurtzen ari naizela. Demagun ez naizela bereziki trebea ahots gora irakurtzen. Demagun testua paragrafo luze batek osatzen duela, denbora-lautada batean zehar hedatzen dena. Eta batek irakurtzen du eta testua zeharkatzen, sentituz bere ahotsean tren bat ibilian dabilela. Eta orduan, all'improvviso, galdera marka bat agertzen da, eta ahotsak, trenaren ekonomia horrek gidatua eta hazia, apenas ikusten du zeinua. Esaldi baten eta zeinu baten artean hain denbora tarte murritza dago, eta hainbeste denbora, aldiz, paisaiaz eta abiaduraren errutinaz maitemintzeko, ezen ahotsa ohartu ere ez baita egiten. Baina, zeinuaren ondoren galdera dator eta galdera bestelako tonu bat da, arrotza, beste era batera hazten dena, indarkeria molde bat inposatzen duena, galdera bat, edozein galdera, adibidez, Lenin-ek proposatu zuena: "Zer egin?"

(Zergatik hasten gara berehala erantzun nahian? Inoiz ez dira amorante izan galderak eta erantzunak. Galderek isiltasuna maite dute. Erantzunek beren burua maite dute)

2. Proposamena
Orain, iaz idatzi nuen zerbait.

Kunst und Ökonomie aldizkarirako elkarrizketa batean, Johann Wolfgang Goethe-Universität Frankfurt am Main-eko "Ekonomia, giza baliabideak eta produkzioa" katedrako titular Herr F.k honakoa iritzi dio jardun artistikoari: "Etengabe irudikatua den existentzia batera ohituta daude (artistak). Beren burua munduan kokatzen ari dira beti. Hemen Espainiako Gerra hizpide duen pintura espresionista bat, han lorezko txakur erraldoi bat. Pentsamendua adierazten dute pentsatzen ari den gizon baten eskulturaz... Eta hutsa, kubo ireki batez. Gauzak egiten dituzte etengabe, horietako asko bazterren batean metaturik geratzen dira, horregatik zaie hain liluragarria ekonomia. Ni, ostera, haien jarrera konpultsiboak liluratzen nau... izugarri naif eta positiboa baita (adiera onean diot, garbi gera bedi). Neure buruari galdetzen diot nola landuko lukeen artista batek "minus" zeinua. Imajina ezazu tipo bat dena egina duela hasten dena, eta haren lana datzana arte "gutxiago" egitean. x artelanen erakusketa bat beharrean, -x artelanena. Posible ote litzateke?"

Ezaguna da Stormin Norman Schwarzkopf jeneralak Basamortuko Ekaitza operazioari zein esaldirekin eman zion akabua, Golkoko I. Gerran: "Artea ur edangarri bihurtzeko era asmatu beharko lukete".

Laborategiari buruz

Laborategia Again, Again(st) antzerki lanaren produkzioarekin loturik dago. Pablo Marteren proiektu bat da, Consonnik ekoiztua Bilboko XV. Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdirako (BAD). Laborategia, "prozesuen produkzio" eragile den CsO-ren sorgune izateaz gain, urriaren 29an Bilborock-en (Bilbo) estreinatuko den antzerki lanaren produkzio prozesuaren parte ere bada.

Antzerki koruaren figura muntaketa praktika gisa lantzearen xedea da, hain zuzen ere, ahal den neurrian lanaren testua eszenaratzean presentzia aktiboa izango duen koru moduko bat taxutzea. Presentzia aktiboak honakoa esan nahi du: koruaren testuak partekatu eta eztabaidatzea, eta baita interpretazioak ere, egoera ezberdinei indarra emateko, horiek gorpuzteko, gorputz batu zein banatu gisa.

Beste helburu bat da, era berean, aurrez antolatutako laborategietan sortu den material guztia ezbaian jartzea. Beraz, koruko gorputzak izango dira, haren kideak ez ezik, baita Laborategian lantzen diren objektu, irudi eta testuak ere. 

Gehitu iruzkina

Saioa hasi iruzkinak idazteko

Informazioa

Koordinazioa

Gonbidatuak

Ordutegia

11:00 - 19:30

Loturak

Oharrak

Para más información: info@ivangomez.net