ARTELEKU

Jardunaldia

«Organorik gabeko Gorputzaren» barrenerako deia egiten digun topaketa honetan, saihetsetik atera beste aukerarik ez dugu, larruazaletik ateratzen den izerdia bezalaxe, bideak oso markatuta baitaude jada, baita jakintzaren hainbat esparruren bidegurutzean ere; "saihetsetik irtetea" ostikoa ematea izan daiteke, purrustada botatzea, eten bat eragitea, bizkarreko bat ematea... nagiak atera eta horrela leku batera begiratu ahal izateko, erakartzen gaituen puntu batean begirada finkatzeko, nahiz geroago begiradak jauzi egingo duen lehen begirada batetik (proto-begirada batetik, nahiago izanez gero) ondorioztatzen diren beste intentsitate-puntu batzuetarantz: leku batera begiratu eta leku horrek, era berean, bere pantailan hartzen gaituelarik gure begirada jaso dezan, leku batetik begiratu behar da, begiradak leku hori, bi leku minimo horiek, hots, begiradaren xede eta abiapuntu diren lekuak, eraikitzen dituen une berean... baina, ba al daukagu begiratzeko begirik?, eta, ba al dugu begiei eusteko gorputzik, optika operatibo eraginkorrik? Sufritu egiten dugu, gozatu, desiratu, are disfrutatu ere, hau da, existitu egiten gara, gorputzaz beti, eta inoiz ez gorputzik gabe. Honetara iritsita, ongi datorkigu irribarrea... Chesire katuarenaren antzeko irribarrea.

Chesire katuaren gorputza jada ez dago Aliziaren begiradaren aurrean, baina haren irribarrea mantentzen da artean, bera bakarrik, harrigarriki, ageri denaren Gertakaritzat...; orduan, zer da irribarrea, katuaren Figurarik gabeko gorputzaren alderdi fantasmatiko bat, hondar bat, edo berez, Figura gisa, agertzen segitzen duen organo bat, Egitura baten parte izan ez arren?: gauza miragarrien herrialde dugun Artean, Aliziak bezalaxe organo sakabanaketa bat ikusten dugu, eta organo horiek dagoeneko ez dute Zentzua emango dien gorputzik bilatzen (sei aktore zuzendari bila bezalaxe, edo Terminator-II filmean bere makina-gorputza berreraiki nahi zuen metal likido ihaurria bezalaxe). Oso bestela, bere ezdeusa errebindikatzen dute –garaiko ospea-, gorputz ororen etsai baitira (Antonin Artaud); begira diezaiogun, bada, lodiera zehaztugabea, mikra batekoa izan baitaiteke edo hainbat argi-urtekoa, duen huts honi («larruazalaren eta ehunaren artean dagoen espazio horretan egiten dut lan», zioen Balentziagak), zera baita, interfazearen interregnoa, hau da, hardware organiko baten alderdi fenomenikoa (objektu partzialak, haragi zatiak) eta gorputzezko software baten figura alderdia (osotasun formalizatua, ezagut daitezkeen aurpegiak) elkartuz edota bereiziz egituratzen dituen mintz mehe arinarena; konektatze/deskonektatze, lotze/deslotze arteko orekarik ezean mugitzen gara, deseroso inolaz ere: «batasun hau ideala da beti, zeren eta kasuan kasuko gorputza aztertzen badugu, alderdi materialak bakarrik aurkitzen baititugu, ez horiek baturik mantentzen dituena. Organismo baten Bakartasunak ihes egiten digu hatz artean» (Slavoj Zizek).

 

Gehitu iruzkina

Saioa hasi iruzkinak idazteko

Informazioa

Koordinazioa

Ematen du

Ordutegia

18:00

Erlazioak

Tailerra
2013/05/06 - 05/10
Tailerra
2013/06/13 - 06/15
Tailerra
2013/07/01 - 07/28