2010eko abenduan eremuak programaren deialdi irekia abian jarri zenetik izan diren proiektu eta ekimenak ikustarazteko eremua izan nahi dute jardunaldiok: euskal arte-eremuko ekoizleen artean zubi eta sareak ezarri nahi dituen programaren babesean agertu diren artista, kolektibo, orotariko proiektu, argitaletxe eta beste jarduera modu hibridoak. Artelekun izango den topaketak hausnarketa-nodoak ezartzea du helburu eta, horretarako, hiru elkarrizketa eta harreman-mahai aurkeztuko ditu, 2010eko abenduan abian jarri zenetik eremuak programa osatu duten proposamenetan agertu diren gaietako batzuk aztertzeko.
1) Elkarrizketa-mahaia: "Editatzea / Argitaratzea / Banatzea"
Orotariko argitalpenak bultzatzea izan da eremuaken lan-ildo nagusietako bat: artisten liburuak, idazki-bildumak, mintegien aktak eta arte-kritikari eta -teoriari lotutako argitalpen-proiektu espezifikoak. Mahaian, hain zuzen, argitalpen-proiektu horietan ari diren eragileak bilduko dira (artistak, idazleak, editoreak), ekoizpen-baldintzei eta proposamenak garatzeko behar diren banaketa- eta truke-sareei buruzko elkarrizketa jorratzeko.
2) Elkarrizketa-mahaia: "Ekoizpena eta arte garaikidea"
Ekoizpena, laguntza-sistema, ordainsariak, prestakuntza eta profesionalizazioa... termino horiek behin eta berriro agertzen dira arte-ekoizpenari lotuta. Gaur egungo krisi-egoeran arte garaikidea laguntzeko eta sustatzeko eredu publikoa kolokan jarri delarik, hainbat galdera mahairatuko dira: zer ondorio zuzen izan dira artea ekoiztu eta erakusteko instituzioek jasan duten birdefinizioaren ondorioz? zer eragin jasan du arte garaikidearen hizkuntzaren berezitasunak, geroz eta garrantzi handiagoa duten kultura-industriekin batera bizi izatearen ondorioz?
3) Elkarrizketa-mahaia: "espazioa - eszenak - programak"
Azken urteotan, eta EAEko esparruan jarraian etorri diren instituzio-ereduekin batera, testuinguru horretan programazio egonkorrak garatu dituzten plataforma, kolektibo eta pertsonek bultzatutako programak sortu dira, profesionalen arteko topaketa eta truke-gune modura. Programa horiek noiz edo noiz instituzioei lotuta, beste batzuetan hainbat espaziotan etenka "ostatatuta", eta inoiz, kokapen "pribatuetan" kokatuta ere egoten den eszena baten berri ematen digute. Mahai-inguru horretan, proposamen horiek hobekien antolatu eta funtzionatzeko moduak, helburuak eta egoera berriak izan lezakeen garapena aztertuko dira.
Elkarrizketa-mahaietatik kanpo, jardunaldietan partaidetza berezien bidez parte hartuko dute Antonio Colladosek, Jon Mikel Eubak, Ana Pahissak eta Aimar Arriolak, Jeletonekin hizketan.
Display gune batek ikustaraziko ditu programan sortutako material, edizio, argitalpen eta ikus-entzunezko materialak. Era berean, jardunaldietan eremuak argitalpenaren 0 zenbakia kaleratuko da.
agenda
Osteguna. Uztailaren 25a.
16:00 - 16:30
eremuaken aurkezpena.
16:30 - 17:30
Ana Pahissaren hitzaldia: "Edizioari buruz"
17:30 - 18:30
Aimar Arriolaren parte hartzea, Jeletonekin (Jesus Arpal eta Gelen Alcántara) hizketan
19:00 - 20:30
Elkarrizketa-mahaia: "Editatzea / Argitaratzea / Banatzea"
Garikoitz Fraga (Belleza Infinita), Elena Aitzkoa + Raúl Domínguez (Lalavandera), Maider Zilbeti, Rms La Asociación, Juan Pérez Agirregoikoa
Ostirala. Uztailaren 26a.
11:00 - 12:00
Jon Mikel Eubaren hitzaldia
12 - 13:30
Elkarrizketa-mahaia: "Ekoizpena eta arte garaikidea"
Daniel Llaria, Karin Dolk, Iskandar Rementeria, Ion Arregi, María Mur Dean (Consonni)
16:30 - 17:30
Antonio Colladosen hitzaldia
17:30 - 19:00
Elkarrizketa-mahaia: "Espazioak / Eszenak / Programak"
Jorge Núñez de la Visitación (Pantalla fantasma), Audiolab elkartea, Mapa kolektiboa.
19:30 - 21:00
Zinema-aurkezpena: Jorge Nuñez de la Visitación + Mapa kolektiboa
Lan-mahaiak eremuak batzordearen kideak moderatuko dituzte: Peio Aguirre / Nuria Enguita Mayo / Beatriz Herráez / Fernando Illana
Gehitu iruzkina